Bidaniako frontoiak teilatu berria izango du

Asier Imaz 2014ko urriaren 29a

Frontoiaren teilatuari burdinazko egitura jartzen ari dira egunotan. I.G.L.

Bidaniako frontoiaren teilatua eraberritzeko lanak hasi dira eta azaroaren bukaera arte iraungo dutela aurreikusten dute. Hain justu, egunotan burdinazko estruktura jartzen ari dira, horren ondoren estali egingo dute eta bukatzeko teilak jarriko dituzte.

Frontoia 1985 urtean eraiki zen, eta ordudanik egin dira obra batzuk, Joxe Erramun Goikoetxea alkateak azaldu duenez: «Esaterako, alderdi batetik ireki zen eta bertan pertsiana elektrikoak jarri ziren. Teilatuan ez da ezer egin, eta egoera kaskarra zen».

Proiektuaren kostua 120.000 eurokoa izango da, eta Bidania-Goiatzeko Udalak jarri duen kopuruaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza izan dute, Itten programaren bitartez. «Diru laguntza jasotzeko derrigorrezkoa da udalak diru kopuru bat izatea proiektu horretara bideratuta», zehaztu du Goikoetxeak. Uzturpe S.L. enpresa burutzen ari da proiektua, eta udalak eta aldundiak ikuskaritza jarri dute jarraipena egiteko.

Osotasunean berritu

Frontoian egin nahi diren lanei dagokionez, oraingo fasean teilatua berrituko da. «Asmoa da pilotalekua bere osotasunean berritzea», esan du alkateak. Frontoiaren eranskinari berritua ematea da egin nahi den lanetako bat. «Urtero diru kopuru bat izaten bada herri txikiei laguntzeko, proiektu horretara bideratuko da diru laguntza hori», esan du Goikoetxeak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!