2008an hasi ziren Bidania-Goiatzen gasa etxeetara eramateko azpiegiturak jartzen. Fase desberdinetan, lan desberdinak antolatu zituzten. Amaitu berri duten horretan, Bidaniako errepide nagusiaren eta Goiatzeko errepidearen artean gelditzen den eremuan lurperatu dituzte hodiak; 210 metro inguruko luzeran. Orain, herritar bakoitzak erabaki dezake gasa etxera eraman nahi duen edo ez. Lanak egiterakoan, gainera, zaharkiturik zegoen ur sarea berritu zuten, hodi berriak jarriz.
Lanak burutzeko diruren zati bat udalak jarri du, baina laguntzak ere izan dituzte bidania-goiatztarrek. Ereitetik ekarpen bat izan dute gasifikazioaren laugarren faseko lanek.
Goikoetxeak azaldu bezala, bosgarren fasearekin hurrengo urtean hasiko dira. Orain, Kontseju aurrean utzi dute hobia, eta etorkizunean hortik Tolosalderuntz joango dira. Oraindik proiektua erabat zehaztu gabe dagoela esan du Joxe Erramun Goikoetxeak.
Orain arteko faseak
Gasifikazio sare berriaren helburua gasa kanalizatu eta herriko deposituetatik, ahalik eta herritar gehienei baliabide hori eskaintzea da. Azken urteetan Bidania-Goiatzen egin dituzten etxeek aukera hori bazuten, baina zaharragoetan, norberak bere aldetik konpondu behar izaten zuen, bonbona edo gasoila eta abarren bidez.
Lehen fasean, Bidanian zeuden herriko deposituetatik kanalizazioa Goiatzeraino eraman zuten. 2011n, bigarren fasearekin hasi ziren, eta honen barruan, bi proiektu egin zituzten. Ordura arte, herri deposituak Bidanian zeuden, herrigunean eta ikastetxe publikotik gertu. Herrigunetik aparte jarri nahian, Goiazko hilerriaren inguruan jarri zuten depositua. Hori, bigarren fase honen lehen zatia izan zen, eta ondoren, bigarren azpiegitura etorri zen: depositu berritik bidea Goiatzeraino zabaltzea.
Hirugarren fasean, hodiak Bidaniako herriguneraino eraman zituzten. Lanak uste baino zailagoak izan ziren, inguru horretako ezaugarriengatik. Orain, laugarrena amaitu ondoren, bosgarrenari begira daude udal ordezkariak.