Eskola Txikien Festa

"Zahar eta gazte, gonbidatuta zaude!"

Asier Imaz 2014ko mai. 29a, 12:41

Bidania-Goiatzen ekainaren 8an Eskola Txikien Festa egingo da. Txinkorta eskolatik herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara. Egitaraua aurkeztu dute jada, eta girotzen joateko, 'Biraka' abestiarekin dantza ere erakutsi dute ikasle, irakasle, guraso eta udal arduradunek.

Ekainak 8, igandea

Egitaraua

- 10:30: Harrera ekitaldia

- Jarraian: Kross txikiak.

                                    0-6 urtekoentzat, pilotalekua eta plazaren arteko ibilbidea, 200 metro.

                                    7-12 urtekoentzat, pilotalekua, eskola eta plazako ibilbidea, 450 metro.

- Ondoren: Ekintza desberdinak. 0-6 urtekoentzat tailerrak eta puzgarriak, eta 7-12koentzat jolasak.

- 13:30: Bazkaria.

- 15:00-18:00: Puzgarriak.

- 15:30-17:30. Tailerrak eta bideo emanaldiak.

- 16:00: Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Bizipoza emanaldiarekin.

- 18:00: Boleto zozekta.

- Egun guztian zehar, Skandalue Elektrotxaranga.


Ekainak 8 geroz eta gertuago dago, eta Txinkortakoek dena prest dutela esan daiteke. Atzo, 2014ko Eskola Txikien Festako egitaraua aurkeztu zuten. Euren esanetan, gainera, haur eta gaztetxoak inoiz baino protagonistago izango dira jai txiki bezain handi horretan. Hain zuzen ere, prentsa agerraldian euren presentzia nabarmena izan zen, mahaiaren atzean nahiz aurrean. Bidania-goiaztarrek adin guztietako herritarrak gonbidatu zituzten jaira, Biraka! abestiaren hitzak jarraituz: Zahar nahiz gazte, gonbidatuta zaude.
Duela 27 urte hasi ziren Gipuzkoako Eskola Txikien Festa ospatzen. Jaia hartu zuen lehen herria Bidegoian izan zen, eta hain zuzen ere, festa berriro hasierako herri hartara iritsiko da. Hori bai, Bidegoian herriak gaur egun Bidania-Goiatz izena dauka. Jaiak izen aldaketa horren prozesuan bere esanahia eduki du, eta ekainaren 8ko egitasmoa herriaren izen berria zabaltzeko ere erabiliko dute. Festaren lehen unetik hasiko da gaztetxoenen parte hartzea. Harrera ekitaldi «labur» baten ondoren, kros txikiak egongo dira. Hortik aurrera, ez dute ia atseden hartzeko ere tarterik izango.
Arratsaldean izango da ekitaldi izarra, izan ere, Euskal Herriko pailazo ezagunenak Bidania-Goiatzen egongo dira. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia 16:00etan hasiko da. Bizipoza emanaldi arrakastatsua eskainiko dute, eta festarekin bat eginaz, ez da sarrerarik ordaindu beharko. Pailazoak gustuko ez dituen haurrik balego, hark, puzgarrietako eta hainbat tailerretako ateak zabalik izango lituzke.
Festa gunea Txinkorta eskolaren inguruan kokatu dute bidania-goiaztarrek. Aparkalekua, aldiz, herri sarreran dagoen industrigunean eta pilotalekuaren inguruan egongo da.
27 urte eta gero
Eskola Txikien Festa berriro Bidania-Goiatzera iritsi da, bi hamarkaden ostean. Txinkorta eraikina 2000. urtean eraiki baldin bazen ere, herriak betidanik izan du eskola festaren antolatzaileek azaldu dutenez; «hain zuzen ere, horixe izan da herria bizirik mantentzeko arrazoietako bat».
Ernio Guraso Elkarteko Iban Muñoak azaldu duenez, «eskola honetan talde txikiak eratzen dira, eta adin desberdineko haurrek gela berean ikasten dute. Horri esker, elkarreragina eta lankidetza sustatzen dira giro atseginean, eta elkarbizitza baloreak lantzeko aproposa da oso».
Joxe Erramun Goikoetxea alkateak herriarentzat eskolak duen garrantzia azpimarratu du: «Txinkorta, herriko eskola bakarra da, eta herriaren nortasuna eta kulturaren transmisioa bultzatzeko ere balio handikoa da. Eskola publikoa da, eta euskararen erabilerarako eta honen sustapenerako tresna funtsezkoa da, euskara baitu hizkuntza ardatza».
Saioa Urdangarin zuzendariaren esanetan, Txinkortan 52 ikasle eta 10 irakasle daude. 36 familia lotzen ditu eskolak, baina horrez gain, herri osoarekin du lotura, ekainaren 8an, igandean, festaren harira ikusiko den bezala.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!