Amets Arzallus: «Lehengo bidean eta lehengo ildotik jarraitu nahi dut»

Itzea Urkizu 2014ko urt. 17a, 12:09
Goiatzen dituen sustraiek batzen dute Amets Arzallus (Hendaia, 1983) Tolosaldearekin. Hango «kabiak» bezainbeste irakatsi dio bertsoak bizitzaz eta, bereziki, aurreko belaunaldietako bertso-kideek. Proiektu txikien zaleago da hendaiarra eta, bide horretan, Tolosaldeko Atariak antolatutako bertso saioan ariko da.

Hilabete inguru pasatu da BECeko finala izan zenez geroztik. Laino horretatik jaistea kosta egingo zitzaizula aipatu zenuen biharamunean, denborarik izan al duzu?

Ez dakit. Alde batzuetatik bai, eta besteetatik ez. Finala pasa eta gero ere, Gabonen bueltan, jaialdi dezente antolatzen da. Orduan, gure ohiko martxan hasi ginen eta ez dugu asti handiegirik izan gelditzeko eta txapelketara arte ekarri gintuen bideak atzean utzi eta aurrera begira jartzeko; nik behintzat ez. Gero, gainera, egun arraroak izaten dira Gabonetakoak eta Urtezaharretakoak, familia-bazkari eta bestelako. Beraz, ez naiz gehiegi gelditu, arnasa hartu, atzera begira jarri; stop hori jartzeko ez dut, egia esan, sosegu gehiegirik izan.

Oraingoz, beraz, ez zaizu gehiegi aldatu txapela irabazi aurreko eta ondorengo bizitza.

Ez zait gehiegi aldatu eta ez nuke nahiko, aurrerantzean ere, gehiegi aldatzerik. Txapela egun hartan halaxe tokatu zen, baina nik aurrez zerbaitetarako kontzientzia hartu baldin banuen, horretarako hartu nuen: gertatzen baldin bazen ere, ez zedila ezer aldatu. Nik lehengo bidean eta lehengo ildotik jarraitu nahi dut, eta txapelak ahalik eta traba gutxien egin diezadala. Ikusiko dut, oraindik ez baitut pentsatzen jartzeko asti handiegirik izan. Baina nahiko nuke gehiegi ez molestatzea.

Euskal Herriko txapela irabazi aurretik, Iparraldeko bi txapelketetako irabazlea ere bazinen. Mugaren alde horretan euskara normalizatze aldera, bultzada garrantzitsua al da goi-mailako bertsolariak gertu sentitzea?

Bai, izan liteke, behar bada, bertso eskoletan dabiltzan gaztetxoentzat eta neska-mutilentzat. Gu adin horretakoak ginenean ere, erreferentzien arabera asko funtzionatzen zuen gure energiak eta gure ilusioak. Eta bertso eskoletako gaztetxoentzat bezala, euskal munduko nahiz erdal munduko bestelako jendearentzat ere horrek lagun lezake serioago hartzen edo ohartzen, hemen badagoela hizkuntza bat, eta hizkuntzari darion sorkuntza bat. Txapelketak eta bertsogintzak berak Hegoaldean hartu duen martxa eta erreferentzialtasuna ikusirik, hemen hizkuntzari horrelako tratamendua ematen ez dion jendearentzat, behar bada, balio dezake beren baitan pentsatzen jartzeko. Eta ea pixka bat bideak zabaltzen diren.

Kazetaria zara ikasketaz. Loturarik ba al da bertsoak osatzearen eta artikuluak idaztearen artean? Batak bestean lagundu al dizu?

Bai. Azken finean hitzen inguruko ariketa bat da, eta hitzez harago ere, bai kazetari bezala eta bai bertsolari bezala, gaien inguruan pentsatzen eta pentsatzen duzun hori azaltzen saiatzen zara. Eta batzuetan, gainera, hori guztia beste pertsonen begietan sartzen edo beste pertsonengana hurbiltzen. Orduan, oso osagarri dira alde horretatik. Gero, forma aldetik ariketa desberdinak dira: bertsoena metrikaren eta errimen aldera pixka bat lotuagoa dago, eta kazetaritzarenak bestelako baldintzak ditu. Alde horretatik desberdinak dira, baina bestela, sakon-sakoneko bilaketa antzekoa da askotan.

Egin izan dituzun elkarrizketen artean kuttunik aukeratuko al zenuke?

Esan izan dut Manu Chaorena, baina orain beste bat gogora etorri zait. Parisen Lucio Urtubia anarkistari egin nion elkarrizketa bat, eta gero 'Lucio' dokumentala ere atera zuten. Esaten zituenengatik bai, baina esaten zituenengatik baino gehiago, begira, haren harrera eta hark ni elkarrizketatzaile moduan tratatzeko modua oso goxoa eta oso hurbila izan ziren. Gerora ere harremana gordetzeko zortea izan dut eta oso oroitzapen ona dut; oso emankorra izan zen niretzat.

Eta oraindik egiteke duzun eta gustura egingo zenukeen elkarrizketarik?

Ez dakit, behar bada, gustuen egingo nituzkeenak mundu honetatik joandako bizpahiru pertsonenak dira eta, beraz, ezinezkoa izango da horiekin aurrez aurre egotea.

Behin baino gehiagotan kontatu izan duzu txikitan bertso eskolan nola hasi zinen. Hainbeste urtez bat-batekoari lotuta joan izanak zer eman dizu bizitzarako?

Gauza asko eman dizkit niri, bertsoak. Bat esaten hasita, behar bada, eman didan ingurua eta lagunartea aipatuko nuke, oso pribilegiatua sentitu izan bainaiz. Gu, Sustrai eta biok, bertso-plazara iritsi ginenean, aurreko belaunaldiak hor zeuden: bai Andoni, Sebastian, Peña eta horiena, eta bereziki ondorengo Maialen, Unai, Igor, Jon, Aitor, Irazu eta horiena. Horien artean sartzea nire unibertsitateko garaiarekin batera gertatu zen hain justu, eta niretzat benetako unibertsitatea eta nire benetako irakasleak eta erreferentziak horiek izan ziren, eta oraindik ere askotan izaten segitzen dute. Ni ikasle pribilegiatu bat izan nintzen haien artean, zabaldu egin zizkigutelako haiek zekizkiten gauzen eta beren arteko balore eta kulturen ateak. Eta behar bada, niri bertsoak eman didan gauzarik onena inguru hori da, lagunarte hori, eta asko erakutsi didaten milaka ordu, milaka elkarrizketa eta horien artean pasa izandako milaka egun eta gau. Oraindik ere, pixka bat, ikaslearen begietatik jarraitzen dut beren ondoan, gainera.

Oholtzara begiratuta, 2013koa zuen belaunaldiaren txapelketa izan dela aipatu izan da. Zuen ondorengo bertsolari gazteei begiratuta, etorkizun oparoa al du bertsolaritzak?

Ez dakit, denborak esango du, baina ikusten da, behintzat, aski indar eta argi erakusten duen belaunaldi bat badatorrela. Beñat izan zen belaunaldi horren aurpegi berria finalean, baina finalerdietan aurpegi asko ziren belaunaldi horretakoak. Eta niri ilusio berezia egiten dit, beraien artean gaitasuna ikusten dudalako baina, bereziki, motibazioa eta gogoa, bertsoaren gurdiari tiratzeko; lan egiteko prest dagoen jendea da. Uste dut belaunaldi horrek, baietz, aurrera begira har ditzakeela bertsoaren hariak eskuetan, eta horien eskuetan bertsoa aski ongi bermatua ikusten dut.

Tolosaldea 28 herri biltzen dituen eskualdea da eta, orain dela gutxira arte, hainbat bertso eskola beren gisara aritu izan dira lanean, Harituz elkargunea sortu bitarte. Halako egitasmoak bertsoa are gehiago indartzen dutela uste duzu?

Hor denon burutan dago Bertsozale Elkartearen esperientziaren adibidea; gaur egungo bertsoaren osasun ona eta jarraipen zabala ekarri du. Jarraipena, bai txapelketan, baina txapelketaz harago ere bai beste dimentsio batzuetan, plazan ikusten den neurrian. Uste dut hori guztia Bertsozale Elkartearen lan hori gabe, eta bertso eskolen lanarekin lotuta, biak uztarrian doazelako, ezin litekeela ulertu. Auto-antolakuntzaren esperientzia eta adibidea eman du elkarteak, eta denontzat da baliagarria. Eskualdez eskualde, dimentsio txikiagoetan ere, gihar horiek antolatzen asmatuz gero, uste dut onurak handiak izan litezkeela. Ez dakit zehazki zein den horko egoera, baina beste lekuetan ere ikusten dira halakoak, eta gu plazan urtean zehar gabiltzanean, astebururo, askotan horrelakoxe elkarteekin topo egiten dugu. Algortako bertso eskola dut buruan, herrian sekulako indarra duena, eta auto-antolakuntza horrek bertsoaren martxari eusten dio urtean barrena. Nik uste dut baietz, hori dela joera naturala.

Goiatzen sortua duzu aita, eta eskualde honekin baduzu, beraz, loturaren bat.

Bai, noski. Aitaren familia, gainera, familia ugaria da, hamar anai-arreba dira, eta amona bizi zen arte ere, ia urtero, baserrian ospatzen genituen Gabonak. Goiazko kabiarekin, beraz, lotura hori bada. Lehen gehixeago joaten ginen, baina lotura sentimentala beti geratzen da. Gainera, orain ere osaba-izeba dezente Tolosaldean sakabanatuta daude eta baditut familiaren adarrak hor, eta han ibiltzen naiz tarteka, bai.

Tokiko komunikabidea da Ataria, eta hiru hedabideren indar batuketatik etorri da. Nola ikusten dituzu halako proiektuak aldizkari, egunkari nahiz webguneak ixten ari diren honetan?

Proiektu txikien zaleagoa izan naiz, normalean, makro-proiektuena baino, nahiz eta gero egitura nazionalak-eta, Euskal Herri osoko euskarazko komunikabideak, Berria edo bestelako irrati-telebistak izan daitezkeenak, beharrezkoak zaizkigun euskaldun bezala. Baina uste dut lotura hurbileko komunikabideak bereziki direla baliagarri hizkuntzaren alorrerako, eta ez hizkuntzarenerako bakarrik: kazetaritza egiteko, hurbiltasun horrek laguntzen du ofiziorako. Gainera, herriz herriko halako egunkari eta aldizkari dezente dira Euskal Herrian, eta uste dut beharrezko zaizkigula euskaldun bezala, esan bezala, hizkuntzaren aldetik, eta bereziki kazetaritza eta informazio aldetik, hurbiltasun horrek normalean abantaila asko izaten baititu.

Bihar Leidorreko saio arrakastatsuan kantatuko duzu, azken urteotan bezala. Urte osoan barrena egiten dituzuen plazetan ere bertsozaletasuna sentitzen al da? Askok txapelketari kritika hori egiten diote.

Bai, baina uste dut kritika hori txapelketa bakarrik segitzen duen jendeak egin izango duela, ez dakit. Hasteko, txapelketaren dimentsioa plazara eramaten duenak, ezezagutzatik eramaten du pixka bat, zeren eta guztiz neurri desberdinak dira plazakoa eta txapelketakoa. Plazakoa bere osagaiekin ulertzen da, eta beste faktore batzuekin. Leidorrekoa da adibide bat: azken urteotan bete izan da eta ez da areto txikia, eta saio horrek aski indar erakusten du bertsozaletasunaren aldetik. Ez da gero beti plaza eta saio guztietan horrelako betekada izaten, baina uste dut kopuru duina eta zabala izaten dela, eta entzuleriaren aldetik bertsozaletasuna nabaritzen dela. Txapelketa beste zenbait faktorek mugitzen badute ere, plazako bertsogintza, bertsozaleen aldetik, azken urteotan aski ongi hornitua dagoela uste dut. Eta kritika hori egin dutenek ez dakit, bada, astebururo zenbat plaza ikusten dituzten.

 
 

Motzean

Bertsolari bat. Joxe Agirre.

Bertsotarako doinu bat. Ez dut sekula erabili, baina asko gustatu zait Maialenek txapelketan atera zuena.

Plaza kuttuna. Bilboko festetan Santiago plazan egiten den saiokoa.

Bertsotarako kidea. Ezinezkoa zait aukeratzea. Sustrai esango nukeen garai batean, eta orain Maialen esango dut, erreferentzia hurbilena delako momentuz, baina beste edozein kantu-kide esan nezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!