Argiteria aldaketarekin %75 aurreztuko du Bidegoiango Udalak

Asier Imaz 2013ko aza. 1a, 19:29
Herriko bonbilla guztiak aldatzen ari dira. A. IMAZ
250 kilowatteko bonbillak kendu eta 30-40koak jarriko dituzte. 70.000 euroko inbertsioari aurre egiteko diru laguntza eskuratu du.

Bidegoiango Udala herriko argiteria aldatzen ari da, argi indarraren fakturan %75 aurrezteko helburuarekin. Horretarako, ehun bonbilla baino gehiago aldatuko ditu Bidanian eta Goiatzen, hau da, argiteria publiko guztia. Lanak duela bi aste inguru hasi ziren, eta ondorengo egunetan amaituko dira. Orain arte, Bidegoiango kaleetan, 250 kilowatteko bonbillak zeuden, eta aldaketarekin, 30-40 bitartekoak jarriko dituzte. Joxe Ramon Goikoetxea alkatearen esanetan, gaiak ez du lehentasunik izan azken urteetan, baina aldaketak egiteko garaia iritsi da.
Bonbilla berriek hiru eta bost urte bitarteko bizi iraupena izango dute: 50.000 ordukoa. Herri gunekoak aldatzeaz gain, errepidearen ertzean daudenak ere berrituko dituzte, eta lan horretan, Irurako Tximist enpresako langileak ari dira.
Bidegoian 537 biztanleko herri txikia da. Udalak, aurrekontuetatik, urtean 20.000 euro bideratzen ditu argi indarraren gastuei aurre egiteko. Joxe Ramon Goikoetxea alkatearentzat gastu hori gehiegizkoa da, eta horri aurre egiteko, argiteria aldatzea erabaki dute: «Zenbakiak egiten aritu ondoren, aurrezki garrantzitsua izango zela ikusi genuen, eta gurea bezalako herri txiki batentzat hori oso garrantzitsua da. Batetik bestera alde ederra dago», dio Goikoetxeak.
Horretarako Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) diru laguntza jaso dute, udalaren inbertsioa ia erdira murriztuz. Lanen aurrekontua 77.000 eurokoa da, eta EEEk 33.000 euroko laguntza emango dio udalari. Aurrera begira, diru laguntza gehiago lortzeko asmoarekin jarraitzen dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak energia aurrezteko hainbat laguntza banatzen ditu, eta horren jakitun, Bidegoiango Udalak eskaria egin zuen. Aurkeztu beharreko eskariak bidalita, erantzunaren zain daude bidegoiandarrak. Aldundiak azaroan emango ditu jakitera laguntza horien banaketa nondik norakoa izango den, eta Bidegoiango Udala zain dagoela dio Goikoetxeak, beste hainbat udalekin batera.
Hala eta guztiz ere, alkateak argi dauka inbertsioaren zati bat eurek jarri beharko dutela, baina urte gutxian amortizatuko den gastua izango dela dio: «250 kilowattetik 40ra jaitsiko gara bonbilla bakoitzean, eta horrek, argi indarraren gastuan aurrezki handia ekarriko du».

Bidania-Goiatz, izen berriaren zain
Bidegoian izena aldatzeko prozesuak bere horretan jarraitzen du. Udalak eman beharreko urrats guztiak eman ditu, eta orain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zain daudela dio Joxe Ramon Goikoetxea alkateak.
Herriari izena aldatu eta Bidania-Goiatz jartzea Gipuzkoako Batzar Orokorrek hartu beharreko erabakia da, eta Goikoetxearen esanetan, oraindik ez da maila horretara iritsi: «Batzar orokorretan eztabaidatzeko zerrendan sartu behar dute, eta oraindik ez dutenez sartu, itxaroten gaude. Tramite hori gainditzen duenean, eztabaidatu eta aurrera aterako litzateke, beraz, zain jarraitzen dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!