2014ko Gipuzkoako Eskola Txikien Festako logoa eta maskotak aurkeztu dituzte

Ataria 2013ko ekainaren 13a

Eskola Txikien Festa igandean amaitu zen Olaberrian, baina 2014koa bidean da. Lekukoa Bidania-Goiatzeko herritarrek hartu dute, eta izugarrizko ilusioarekin ekin diote lanari, eurentzat berezia izango baita hurrengo urteko ospakizuna. Eskola txikien lehen festa 1988an ospatu zuten, hain justu, Bidegoianen, eta berriro, hasierako herrira itzuli da. Gipuzkoan 28 eskola txiki daude, eta festa, herriz herri ibili da urte guzti hauetan.

Bidania-Goiatzeko herritarrak gogotsu ekin diote erronkari, eta dagoeneko logoa eta maskotak aurkeztu dituzte. «Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi genizkieke 2014ko Eskola Txikietako logotipoa egin zuten 37 herritarrei. Guztira 40 logotipo izan ziren aurkeztutakoak», esan dute eskola txikien festaren antolatzaileek. Logoaren esanahia, aldiz, egilearen hitzetan ondorengoa da: «Irudi honen bidez umeen esku markez osatutako gurpil bat irudikatu nahi izan da. Ume guztiek egin izan duten keinu sinple baina esanguratsua, gurpilak ez diezaion biratzeari utzi. Gainera, esku horiek anitzak dira, ezberdinez osatuak. Esku marka berriez bete ditzagun eskola txikiak nahiz herri txikiak urte luzez».

‘Txinko’ eta ‘Eskua’

Bidania-Goiatzen ospatuko den 2014ko Gipuzkoako Eskola Txikien Festarako bi maskota egin dituzte: Txinko eta Eskua.

Lehena, duela 27 urte Bidegoianen jaio zen panpina da. Bere izena, Bidania-Goiatzen dagoen Txinkorta menditik dator, eta gainera, orain dela 12 urte herrian egin zuten eskolaren izena ere bada Txinkorta. 1988an egin zen lehenengo Gipuzkoako Eskola Txikien Festako kartelean eta ondorengo beste batzuetan agertzen zen panpina da. Urte batzuetan, bere presentziarik gabe egon arren, datorren urtean festa bere jaioterrian denez, berriro agertu da. Eskua 2014ko Bidania-Goiatzeko festako logotipoaren parte da. Bertan agertzen den eskuetako bat da, gurpilari bira ematen diotenetako bat.

Txinko eta Eskua uztartuz bi festak lotu nahi dituzte, iragana eta etorkizuna. 1988tik 2014ra arte egin den lana ezberdinen, anitzen, guztien artean egin dela azaldu dute antolatzaileek, eta aurrerantzean ere, elkarlanerako eskuak zabalik dituztela gogoratu dute. Informazio gehiagorako http://txinkorta2014.blogspot.com.es/ bloga zabaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!