100 sinaduratik gora, Bidegoiango Correosen alde

Ataria 2013ko urtarrilaren 9a

Jada 100 herritarretik gora sinatu dute Correos enpresa publikoak Bidegoiango udaletxean zuen bulegoa ez ixteko.

Udaleko arduradunek pasa den larunbatean mahai bat jarri zuten frontoian sinadurak biltzeko eta jende asko hurbildu zen Correosek hartutako erabakiaren kontra egiteko. Larunbatean sinatu ez zutenek, hala ere, aukera izango dute aste honetan egiteko, horretarako udaletxeko idazkaritzara jo beharko dute ostirala bitarte; gaur arratsaldez sinatu ahalko da. Biltzen dituzten sinadura guztiak Gipuzkoako Batzar Nagusietara eramango dituzte.

Azpeitiaraino

Bidegoiango 530 biztanleek 14 bat kilometro egin beharko dituzte Azpeitiaraino, Correosek hartutako erabakia berresten bada. Udaletxeko bulegoa 10 urtetik gora doa irekita eta udaleko arduradunek azaldu dutenez, herritarrak oso gustura egon dira zerbitzuarekin.

Pasa den abenduaren 1etik ordea, bulegoa itxita dago, eta ondorioz, herritarrek aurrerantzean gutunak jasoko dituzte euren postontzietan, baina gutun zertifikatuak, fardel edo paketeak zein antzeko zerbitzuak jasotzeko arazoak izango dituzte. Izan ere, postariek egin ohi duten lehen saiakera eta gero, etxeetan inor topatzen ez badute, Azpeitiako Correosera joan beharko dira bidegoiandarrak.

Udalak enpresaren asmoaren berri izan bezain pronto honen kontra azaldu eta ahalegin guztiak egin zituen bulegoa ez ixteko, baina ez du lortu.

Udaleko arduradunek azaldu dutenez, ordea, ez dute etsiko eta, «egoera honek herritarrei sortuko liekeen arazoez eta eragozpenen jabetuta» ahal duen guztia egingo duela esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!