Berrobiko frontenis txapelketetako finalak, larunbatean

Tolosaldeko Ataria

Iazko sari banaketa ekitaldiko argazkia.

V. Frontenis Txiki eta 34. Ion Ander Izagirre txapelketetako hiruna final jokatuko dituzte, 15:00etan hasita, Urreburu frontoian.

Heldu da aurtengo Berrobiko frontenis lehietako irabazleak ezagutzeko unea. Larunbatean izango dira gaztetxoen V. Frontenis Txiki eta helduen 34. Ion Ander Izagirre txapelketetako finalak Urreburu frontoian.

Lehen hiru finalak gaztetxoen lehiakoak izango dira. Oinatz Odriozabalak eta Alai Esnaolak jokatuko dute LH 1 eta LH 4 mailen arteko banakakoa, 15:00etan hasita. Ondoren, LH 5 eta DBH 2 mailen arteko binakakoa jokatuko dute Ekhi Altuna-Amets Altuna eta Ugaitz Irazusta-Ioritz Sagastibeltza bikoek. Azkenik, Ekhi eta Amets Altunak jokatuko dute maila berean, bakarka.

16:00etatik aurrera, helduen hiru finalen txanda izango da. Gizonezkoen binakakoan, zenbait ediziotan finalera sailkatu diren Erik Sagastume eta Ander Iribarren amezketarrek Mikel Etxeberria albizturtarraren eta Ion Jauregi berrobitarraren aurka jokatuko dute. Bikote mistoen finalean, Igor Esnaola-Ima Ramiro eta Nagore Murua-Alain Luixa bikoek neurtuko dituzte indarrak. Azkenik, Julen Izagirre eta Ion Jauregi herritarren arteko finalean erabakiko da banakako txapelduna.

Antolatzaileak «gustura» daude aurtengo edizioak izandako erantzunarekin. «Urtero parte hartzen duten pilotariek errepikatu egin dute, eta berriak ere animatu dira». Hala ere, aurten ez dute emakumeen binakako txapelketa antolatu, bikote bakarrak eman zuelako izena. «Ea datorren urtean gehiago animatzen diren», gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!