Hasi da Berrobiko frontenis txapelketetako bat

Berrobiko V. Frontenis Txiki Txapelketako lehen neurketak jokatu dituzte asteburuan herriko frontoian; asteburu honetan hasiko da 34. Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketa.

Berrobiko Begi Gorri Gaztetxeak antolatuta, azaroan zehar egingo dute Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketaren edizio berri bat; 34. aldiz jokatuko da herriko frontoian, eta larunbat honetan hasiko da lehia. Azaroaren 14an, 15ean eta 21ean izango dira lehen faseko partidak, eta hilaren 22an jokatuko dituzte finalerdiak; finalak, berriz, hilaren 28an izango dira. Hiru kategoriatan banatu dute txapelketa: mutilak banaka eta binaka, eta bikote mistoak. Mutilen binakakoan 16 bikotek eman dute izena; bakarkakoan, berriz, 11 lagunek. Bikote mistoen kategorian, lau bikote lehiatuko dira.

Helduen lehiaz gain, V. Frontenis Txiki Txapelketa ere antolatu dute, eta asteburuan izan dira kanporaketak. Gaztetxoen txapelketa da, eta hiru mailatan banatuta lehiatu dira hilaren 28ko finaletarako txartelak lortzeko: lau pilotarik jokatu dituzte LH 1 eta LH 4 maila artekoen banakako kategoriako kanporaketak, atzeko txokoan; LH 5 eta DBH 2 maila artekoen kategorian, banaka, bi pilotari ari dira txapelketan parte hartzen; azkenik, maila horretan baina binaka, lau bikotek jokatu dituzte kanporaketak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!