Berrobiko frontenis txapelketetan izena emateko azken egunak

2024ko edizioko nesken binakako finaleko irudia. I. TERRADILLOS

34. aldiz egingo dute helduen Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketa, eta bosgarrenez Frontenis Txiki Txapelketa; finalak azaroaren 28an izango dira.

Berrobiko Begi Gorri Gaztetxeak antolatuta, azaroan zehar egingo dute Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketaren edizio berri bat; 34. aldiz jokatuko da herriko frontoian. Azaroaren 14an, 15ean, 21ean eta 22an izango dira kanporaketetako partidak, eta finalak hilaren 28an. Lau kategoriatan banatuko dute txapelketa: mutilak banaka eta binaka, neskak binaka eta bikote mistoak.

Helduen lehiaz gain, V. Frontenis Txiki Txapelketa jokatuko da, hau ere gaztetxeak antolatuta. Gaztetxoen txapelketa izango da, eta hiru mailatan banatuta lehiatuko dira: LH 1 eta LH 4 maila artekoak, banaka, atzeko txokoan; eta LH 5 eta DBH 2 maila artekoak, banaka eta binaka. Azaroaren 7an eta 8an izango dira kanporaketak, eta finala hilaren 28an.

Azaroaren 1a da bi txapelketetan izena emateko azken eguna, eta parte hartu nahi dutenek horretarako aukera dute Iriarte jatetxean, Lakarie dendan edo antolatzaileek partekatutako galdetegietan (helduak edo gaztetxoak). Helduen kasuan, partaide bakoitzak 10 euro ordaindu behar du, eta astelehenean egingo dute txapelketako partiden zozketa, 19:00etan, gaztetxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!