Adimen artifizialari buruzko prestakuntza saioa Berrobin

Ataria

Berrobiko ikuspegi orokorra.

Uzturre Foroa elkarteak landa eremuari eta herri txikiei egokitutako adimen artifizialari buruzko oinarrizko prestakuntza bat egingo du Berrobin, irailaren 22an. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuarekin elkarlanean antolatu dute, eta prestakuntza emango duen pertsona Joseba Ormazabal aditu tolosarra izango da. 

Adimen artifizialari buruzko prestakuntza saioa izango da Berrobiko Etxola aretoan, irailaren 22an, asteartean, 18:30etik 20:00etara. Ikastaroan parte hartzea doakoa da eta sarrera librea izango da. Orain arte antzeko bi ikastaro eskaini ditu Uzturre Foroak: bata Tolosan, joan den maiatzaren 5ean, eta bestea, Albizturren, uztailaren 14an. Bi ekitaldi horietan parte hartu duten pertsonek emandako erantzun onak eta egindako balorazio positiboak bultzatu dute Uzturre Foroa prestakuntza eskaintza zabaltzen jarraitzera.

Prestakuntza eskaintza honek hiru helburu nagusi ditu: lehenik, adimen artifizialaren oinarrizko sarrera eskaintzea; bigarrenik, landa eremuan izan ditzakeen erabilera praktikoak aurkeztea; eta hirugarrenik, landa ingurunean adimen artifizialaren aplikazioen adibide zehatzak partekatzea.

Esan dute ez dela adimen artifizialari buruzko prestakuntza aurreratua, oinarrizko edo hastapeneko prestakuntza baizik. «Nolanahi ere, adimen artifizialaren ahalmen eta aukerei lotutako aldaketak eta aurrerapenak etengabeak dira, eta berrikuntzak egun edo aste gutxiren buruan gertatzen dira. Horregatik, maiatzean Tolosan eskainitako ikastaroak eta Albizturren emandakoak ez zituzten eduki berberak izan. Era berean, orain Berrobin eskainiko den ikastaroak azken bi hilabeteetako berrikuntzak ere jasoko ditu», esan dute.

Uzturre Foroak Berrobiko edo inguruko beste edozein herritako edozein pertsona animatu nahi du ikastaro honetan parte hartzera. Era berean, elkartea gehiago ezagutu nahi dutenak gonbidatzen ditu bere webgunea bisitatzera eta sortu zenetik egin duen ibilbidea ezagutzera.

Uzturre Foroa irabazi asmorik gabeko elkartea da, Tolosaldean errotua. Bere estatutuen arabera, gaur egungo testuinguruan gure gizartearen erronka eta lehentasunei heltzea du helburu nagusi. Erronka horiek planetak bizi duen trantsizio hirukoitzean kokatzen dira: gizarte berdeago, digitalago eta inklusiboagoetara bidean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!