Berrobitik Portugalera iritsi da euskal antzerkia

Leyre Carrasco 2026ko ekainaren 17a

Portugalen ospatu berri den hizkuntza gutxituei balioa emateko asmoa duen Lingua Nazioarteko Jaialdian parte hartu du Berrobiko Txalo Talo antzerki taldeak.

Hainbat herrialdetako konpainiak eta proiektu artistikoak biltzen dituen jaialdia da Lingua, antzerkia eta musikaren bidez hizkuntza gutxituei balioa emateko asmoa duena. Ekainaren 5etik 7ra bitartean ospatu dute bigarren edizioa Barcelosen (Portugalen), eta bertan Berrobiko Txalo Talo antzerki taldeak parte hartu du.

Espero gabe jasotako proposamena izan dela kontatu du Arantzazu Rodas Txalo Talo antzerki taldeko kideak: «Portugal hemen ondoan dagoen arren, beti hemen inguruko herrietan ibili gara eta esperientzia oso aberasgarria izan da guretzat. Gainera, zabaltze bat izan dela esango nuke, mugimendu bat sortu delako, tarteka topaketak egiteko, eta gure antzera dabiltzan beste kultur taldeak ezagutu, partekatu eta elkar aberasteko esperientzia izan da».

Portugal, Galizia, Asturias eta Euskal Herriko taldeen hamaika emanaldik osatu dute aurtengo egitaraua; tartean Berrobiko antzerki taldeak Kutxidazu Bidea Ixabel lanaren moldaketa antzeztu du. «Arrakasta handia izan zuen eta parte hartzaileei asko gustatu zitzaien, izan ere, antzezlanak dimentsio fisiko eta bisual handia du; beraz, hizkuntza ulertzen ez bada ere, gorputz-adierazpenak kontakizunaren zati handi bat transmititzen du, eta hortaz, bertan landu ziren gauza asko erraz ulertu ziren. Oso aberasgarria izan zen eta feedback oso polita jaso genuen», gaineratu du.

Hain justu, donostiar gazte baten istorioa kontatzen du obrak. Uda baserri batean pasatzea erabakitzen du bere euskara maila hobetzeko asmoarekin, baina bertan baserriaren egunerokotasunari eta hizkuntza arazoei egin behar die aurre. Rodasekin batera, Aloña Izagirre, Ana Goñi, Joana Hernandez, Mikel Agirretxe eta Oihane Vergara aritzen dira aktore lanetan, Ester Poveda zuzendariak gidatuta.

«Zuzendariak eta beste taldekide batek ezin izan zuten joan Portugalera, baina obra moldatzea lortu genuen eta lan teknikoak egiteko gertuko beste laguntzaile batzuk izan genituen. Lehen aldia zuten halako lanak egiten eta eskertzekoa izan da, beraiek gabe ezin izango genukeelako aurrera atera», adierazi du.

Halaber, jaialdian parte hartzea «ohorea» izan dela azpimarratu du Rodasek: «Euskara gure ahotsean eta bihotzean eramanez, beste herri eta hizkuntza gutxituen sortzaileekin esperientziak partekatu ditugu, eta beste behin, antzerkiak eta musikak erakutsi digute hizkuntza bakoitza altxor bat dela, eta aniztasuna dela gure indargunerik handiena».

Dagoeneko beste proiektu batzuetan murgildurik dabil Berrobiko taldea. Kepa Errasti aktoreak idatzitako Gure kontuk izeneko obra estreinatu zuten abenduan, eta datorren emanaldia ekainaren 26an izango dute, Bidania-Goiatzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!