Joan direnak gogoan izan dituzte Berrobin

Leyre Carrasco 2026ko ekainaren 16a

Porrotx eta Marimotots pailazoek duela bost urte eman zioten herriari gereziondoa, eta ordutik urtero egiten dute ekitaldia.

Berrobiko Ekintza Guraso Elkarteak antolatuta Galdu ditugunak gogoratzeko ekitaldia egin zuten joan den ostegunean. «Ekitaldi xumea» izan zela diote antolatzaileek, baita «hunkigarria» ere. Larraitz Iraola herritarraren olerkia irakurri zuten lehenengo, eta loreak jarri zituzten ondoren zuhaitzaren oinean. Horrekin batera, ikasleek kartulina koloretsu batzuetan idatzitako mezuak ere jarri zituzten zuhaitzean, eta amaitzeko, ikasleek jarritako plaka batean dagoen bertsoa abestu zuten, trikitiaren laguntzaz. Ekitaldia amaituta, gereziak jan zituzten.

«Urte guztian zehar ere hortxe egoten da gereziondoa bisitatzeko, gogoratzeko eta sekretuak kontatzeko nahi duen ororentzat», jakinarazi dute.

Amaren intxaurrak

Duela bost urte Porrotx eta Marimototsen bisita izan zuten Berrobin, eta Amaren intxaurrak izeneko ipuina kontatu zieten herritarrei. Ipuinarekin batera, gereziondo bat oparitu zieten, ondoren zuhaitzaren landaketa egiteko. «Gure bihotzetan gordeta ditugun baino modu batera edo bestera galdu ditugun guztien omenez» egin zuten landaketa, plazan eta errekaren ertzeko parkean.

Izan ere, ekitaldian aipatu bezala, «galera ez da norbait hiltzen denean bakarrik. Gorputza gelditzen denean edo burua galtzen dugunean dolu fisiko emozionala izaten da. Lagun bat galtzean edo urruntzean edo kuttuna den zerbait puskatzean». Bizitza hor dagoela irudikatuz, gereziondoa landatutako egunetik, esperantzari eta joandakoek erakutsitakoak bihotzean gorde eta indarra hartzea dute helburua.

Pandemiaren ostean, Katxiporretak, Hil Argi Elkarteak eta Hik Hasi pedagogia taldeak elkarlanean abiatu zuten Amaren intxaurrak proiektua. Honen helburua da heriotzaren gaia haur eta gaztetxoekin, eta haiekin batera, familiekin ere lantzea. «Gai honek tabu izaten jarraitzen du gure artean, nahiz eta gu denok ukitzen gaituen. Denak jaiotzen gara eta denak hiltzen gara. Bizitzarekin batera doa heriotza eta natural den hori modu naturalean sentitu, pentsatu eta barneratu behar genuke pertsona guztiok», azaldu dute. Proiektu honen bidez heriotzaren errealitatearen aurrean pertsonen ahalduntzea dute helburu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!