Anbuko errepidean konpontze lanak egingo dituzte

Ataria 2026ko otsailaren 23a

Iazko ekaineko uholdeek eragindako kalteak konponduko dituzte egunotan, eta hortaz, gaurtik aurrera Anbuko errepidean oztopoak izango direla jakinarazi du Berrobiko Udalak.

Iazko ekaineko uholdeek kalte ugari eragin zituzten eskualdeko zenbait herritan. Horietako bat izan zen Berrobi, eta horrek eragindako zenbait kalte konponduko dituzte egunotan. Hain justu, gaurtik hasita Anbuko errepidean konpontze lanak egingo dituzte, eta datozen egunetan oztopoak izango dira errepidean. Horrenbestez, beste bide bat erabiltzea gomendatu du udalak.

Ur mozketa, bihar

Horrez gainera, bihar, horniketa sarean hobekuntzak egingo dituzte, 10:00etatik 13:00etara. Ur mozketa horrek Eutela auzoan bakarrik izango du eragina.

Iraupena ustezkoa dela adierazi dute kudeatzaileek, «beraz gerta daiteke pentsatu baino lehenago bukatzea» eta kasu horretan abisurik gabe ura emango dutela jakinarazi dute. Aitzitik, luzatzen bada, herritarrek Gipuzkoako Uraren telefonoan (943 00 22 22) mozketaren berri izango dutela esan dute. «Mozketa dela eta, presio jaitsierak, uhertasuna eta nahi gabeko beste zenbait ondorio izan daitezke. Mesedez, barkatu eragozpenak», gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!