Esku-hartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren tokiko ekintzen planaren barruan kokatzen da, eta lanek 210.000 euroko aurrekontua dute eta bi hilabeteko iraupena aurreikusten dute.
GI-2130 errepidea eskualdeko sarearen parte da, Ibarra, Berrobi, Elduain eta Berastegi Tolosarekin lotzen dituena, eta Nafarroarako noranzkoko trafikoa ere bideratzen du. Eguneko batez besteko 1.500 ibilgailuko trafikoa du, eta gaur egun Berrobiko herrigunea bitan banatzen du. 900 metro inguruko zeharbide horrek erabilera publikoko gune garrantzitsuak bereizten ditu, hala nola ikastetxea eta plaza alde batetik, eta pilotalekua, futbol zelaia, jubilatuen etxea eta eliza bestetik. Pertsonen joan-etorria etengabea da, bereziki adinekoen eta haurren kasuan.
Segurtasuna eta irisgarritasuna indartzeko neurriak
Proiektuak hainbat neurri jasotzen ditu bidearen integrazioa eta segurtasuna hobetzeko. Besteak beste, zirkulazio-abiadura murrizteko, galtzada eta espaloien arteko kotak berdintzeko eta oinezkoen pasabideak hobetzeko lanak egingo dira.
Antzi Etxearen parean, Berastegirako noranzkoan, lehen oinezkoentzako pasabidea altxatuko da, eta seinaleztapen berria jarriko da ikuspena eta segurtasuna handitzeko. San Andres elizaren eta farmaziaren artean, berriz, asfalto inprimatua ezarriko da, galtzada eta espaloiak integratzen dituen zoladura-tratamendu gisa, eta kotak berdinduko dituzte, kale-itxura indartzeko. Horrez gain, autobus geltokien artean dagoen oinezkoen pasabidean semaforoa jarriko dute.