Gaur San Andres Egunaren bezpera bada ere, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Berrobin. Horietako bat herriko gaztetxoek egindako pintxo lehiaketa izan da. Gure Plaza Txo! proiektuan bederatzi herri txikik parte hartzen dute, eta horietako bat da Berrobi. Proiektuan 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoek parte hartzen dute, eta helburua da ekintzak antolatzea eta nerabeek parte hartze prozesuetan aritzea aisiaren bitartez, herriko bizitzan eragile bat gehiago izateko.
Hori horrela, gaurkoan pintxo lehiaketa bat egin dute, eguneko ekitaldietako bat izateko eta herritarren parte hartzea bultzatzeko. Sukaldari lanetan sartu dira gaztetxoak eta hainbat pintxo prestatu dituzte. Lehenbizi proba batzuk antolatu dituzte, eta horietan nabarmendu direnek aukera gehiago izan dute osagaiak aukeratzeko. Pintxoak egin dituzte, beraz, tokatu zaizkien osagaiekin. Ondoren, plazan jarritako mahai batzuetan ipini dituzte pintxoak herritarrek dastatzeko. Pintxo bakoitzak zenbaki bat zuen, eta gero herritar bakoitzak bozkatu du bere pintxorik gustukoena.