Hileko azken ostiraletan euskal doinuz betetzen da Berrobiko plaza

Leyre Carrasco 2025eko azaroaren 13a

Berrobiko eskolak antolatuta, Berrobi Kantari ekimena egingo dute hilaren 28an, eta hilero bezala, eskola komunitatea osatzen dutenek euskarazko lau abesti kantatuko dituzte herritarrekin batera.

Hutsik egiten ez duen hitzorduetako bat da Berrobi Kantari ekimena. Duela zazpi urte euskara sustatzeko helburuarekin abiatu zuen ekimena Berrobiko eskolak, eta geroztik, hileko azken ostiraletan elkartzen dira ikasle, irakasle, guraso eta bertara animatzen diren herritarrak. Proposamena orduko zuzendaria eta musikako irakaslea zen Leire Irribarreren eskutik etorri zela kontatu du Monica Garcia egungo zuzendariak, «euskal musika eta kulturari bultzada emateko eta herritar guztien parte hartzea sustatzeko asmoz».

Ordu eta leku berean egiten dute hilabetero hitzordua: 16:10ean, herriko plazan. Hala ere, eguraldiaren arabera erabakitzen dute topagunea; eguraldi onarekin plazan biltzen dira, eta eguraldi txarrarekin, berriz, eskolako aterpe handian. «Plazan egiten saiatzen gara, eskolatik kanpoko gune bat delako eta, modu horretan, herritar gehiago animatzen direlako parte hartzera», gaineratu du zuzendariak.

Lau kanta abesten dituzte normalean, baina batzuetan, bost kanta abestera ere animatu dira. «Euskal musikan eta kulturan esanguratsuak diren bi kantu abesten ditugu, beste bat modernoagoa dena, eta Haur Hezkuntzako ikasleentzat ezagunagoa den umeentzako beste abesti bat ere abesten dugu», azaldu du zuzendariak. Data bereziak gertu daudenetan, aldiz, horiekin harremana duten abestiak ere aukeratzen dituzte.

Dagoeneko datorren hitzordurako zerrenda prest dute. Hain justu, Pirritx eta Porrotx pailazoen Eskola Txikiak eta Epo itai tai ye abestiak abestuko dituzte, baita Esne Beltza taldearen Hona bostekoa eta Nogenen Nora abestiak ere.

Aurre prestaketak

Gorka Daguerressar musikako irakasleak aukeratzen ditu kantuak. Lehen gurasoek egiten zizkieten proposamenak, baina orain, ikasle eta irakasleen eskutik iristen zaizkio. «Goizero, ikasleak eskolara sartzen direnean, musikako irakasleak lau kantu horiek bozgoragailuetan jartzen ditu, eta hilabete osoan zehar entzuten ditugu, baina musikako klaseetan ere entseatzen dituzte», azaldu du Garciak. Modu horri esker, Berrobi Kantari eguna iristen denerako kantuak ikasita izaten dituzte, bai ikasleek zein irakasleek.

Aste bat lehenago, ordea, familien etxeetara ohar bat bidaltzen dute Berrobi Kantari eguna gogoraraziz eta zein kanta abestuko dituzten jakinaraziz. Herritarrek ere horren berri izateko, LH6. mailakoek egun bat lehenago herrian zehar kartelak jartzen dituzte. Hala ere, Berrobi Kantari egunerako abestu beharreko abestien letren triptikoak prestatzen dituzte, bertara gerturatzen diren guztiek letra jarraitu eta parte hartu dezaten.

Daguerresar da ekitaldia gidatzen duena, eta behin borobilean jarrita, bozgoragailuak piztu, bolumena igo eta lehen abestiarekin batera hasten dira kantuan. Ehun lagun inguru biltzen direla jakinarazi du zuzendariak; horietatik 59 ikasleak, 11 irakasle eta gainontzekoak familiako kide eta herritarrak dira.

«Askotan, gurasoak edo bertara joaten diren herritarrak haurren pare-parean jartzen dira zain, emanaldi bat egin beharko balute bezala, baina hori ez da gure asmoa. Denak borobilean jartzea nahi dugu, haiek ere parte hartu dezaten», esan du. Hala ere, giro ederra izaten dutela dio, eta herritar ugari animatzen da kantuan egitera.

Eskola Txikien parte

Hilaren 28an egingo duten Berrobi Kantari ekimena berezia izango dela adierazi du zuzendariak. Izan ere, Eskola Txikietako egurrezko xafla bat zintzilikatuko dute eskolako sarreran, komunitatearekin duten konpromisoa adieraziz. Hain justu, euskaraz bizi eta euskaraz hazi nahi duten eskolak dira Eskola Txikiak. Bertako hizkuntzan bizitzeko hautua egiten dute eskolako komunitatea osatzen dutenek, eta euskaraz ikasi eta jarduteko bidean, paper garrantzitsua jokatzen dute. Horren erakusle da Berrobi Kantari ekimena.

Ekitaldia eskolako sarreran hasiko dute, eta ondoren, plazara joango dira –eguraldi ona eginez gero–. «Egurrezko xafla eskolako sarreran zintzilikatu ostean, Berrobi Kantari ekimenari hasiera emango diogu lehen kantarekin, Pirritx eta Porrotx pailazoen Eskola Txikiak kantuarekin. Gainontzeko abestiak plazan abestuko ditugu», esan du zuzendariak. Ekitaldi horretan parte hartuko dute, besteak beste, ikasleek, irakasleek, gurasoek eta udaleko ordezkariek.

Hala ere, herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela adierazi du zuzendariak, eta gonbita zabaldu die: «Ikasle, guraso eta herritarrek asko eskertzen duten ekimena da, denok elkarrekin egiten dugun festa delako eta herrian giro oso polita sortzen delako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!