XXII. Berrobira Krosa, larunbat arratsaldean

Ataria 2025eko irailaren 17a

Berrobira Kroseko artxiboko irudia.

Aurtengoan antolakuntza lanetan Begi Gorri gaztetxea ari da, eta ohi bezala haurrentzako krosak eta helduena izango dira.

Berrobiko krosaren hitzordua iritsi da, eta larunbat honetan egingo da XXII. Berrobira Krosa. Aldaketa izan da antolakuntzan, eta egiteko horretan Begi Gorri gaztetxea hasi da. «Maiatz inguruan ireki zen gaztetxea Berrobin, herriko ekintzetan parte hartzeko grina genuen, eta krosa guk antolatzea erabaki genuen», azaldu du Lide Tolosa gaztetxeko kideak. «Aurreko urteetan antolakuntzan aritu direnek asko lagundu digute, eta talde lanean ari gara pixkana dena aurrera ateratzen».

Urtero behar izan dira boluntarioak eta aurten ere bai. «Gazteak aritu gara parte hartzen boluntario bezala, eta aurten pauso potoloago bat eman dugu antolakuntzan. Espero dugu boluntario gisa guri laguntzeko prest jendea izango dela», azaldu du Tolosak. Deialdia egin diete herritarrei boluntario aritzeko, hainbat gauza egin behar direlako egunean bertan. Begi Gorri gaztetxekoekin sare sozialen bidez jarri daiteke harremanetan horretarako.

Aldaketarik ez da izan krosaren ezaugarrietan: haurrentzako probak eta helduena izango dira. Lau maila daude haurretan: 16:00etan hasiko dira aurrebenjaminak, 300 metro egiteko; ondoren, benjaminak, 600 metro eginez; alebinek 750 metro egingo dituzte, eta azkenik infantil eta kadete mailakoek 1.500 metro. Helduen krosa 17:00etan hasiko da, eta 1,5 kilometroko ibilbideari bost itzuli emango dizkiote, guztira 7,5 kilometro egiteko.

Izena ematerakoan, haurren kasuan Internet bidez edo egunean bertan eman daiteke, eta doan izango da. Helduen kasuan, Internet bitartez bakarrik eman ahalko da, Begi Gorri gaztetxearen Instagram kontuan dagoen lotura erabiliz edo Herrikrosa.eus webgunean sartuta. Zortzi euro balio du eta azken eguna ostirala izango da. Sariak ere izango dira: haurren mailetan lehen neskarentzat eta lehen mutilarentzat, eta helduen kasuan garaikurrak lehen hiru emakumezko zein gizonezkoentzat, eta irabazleek 100 euro. Herriko lehen emakumezkoak zein lehen gizonezkoak garaikurra jasoko dute. Berrobira Krosean gogoan izango dute abuztuan istripuz zendu zen Xabi Zubiria herritarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!