Momentu hunkigarria bizitu da gaur goizean Berrobiko frontoian. Xabi Zubiria Agirretxe orain gutxi hil zen istripu batean, eta bere gertukoek omenaldia prestatu diote. Bere senitartekoak, lagunak eta herritar ugari elkartu dira, eta Zubiria pilotan aritutako izanik, pilota munduko jende asko bildu da Urreburun. Pilotalekua gainezka egon da.
Pilota partida batekin hasi da omenaldia. Gorriz Xabi Urbietak eta Iñigo Bikuñak jokatu dute, eta urdinez Erik Jakak eta Iker Elizegik, eta guztiek Zubiria izena zuten jarrita kamisetaren atzealdean. Partida estua izan da eta tarteka tanto ederrak ere ikusi dira, eta azkenean urdinek irabazi dute 18-22. Gaurkoan ez zen garrantzitsua zeinek irabazten zuen, baina inork ere ez zuen galdu nahi.
Partida amaituta, omenduaren senitartekoei pasilloa egin diote partida jokatutako pilotariek zein herriko pilotari gaztetxoek. Horietako batek lore sorta bat eman die senideei. Ondoren, Iñaki Artolak bi bertso eskaini dizkio omenduari:
- Askok holaxe ezautu hinttugun
frontoiren baten ertzean.
Oaintxe eskuz, oaintxe palaz,
oaintxe aurren, oaintxe atzean,
hire lagun ta adinkideei
irabaziz jolasean.
Aurrerantzean ere lagunon
buru eta bihotzean,
beti gurekin etorriko haiz
frontoi batera sartzean. - Omenaldi hau ikusiz gero
zer esango huken behar ba,
adarra jotzen hasiko hitzeke
guri eginaraziz parra.
Izan e hire goxotasuna
ta umorea hain zen earra.
Inoiz tristurak hartzen bagaituk
gailentzen bada negarra,
hi irriparrez gogoratzeak
emango ziguk indarra
Omenaldiarekin jarraituz, beste une hunkigarri bezain ederra iritsi da, agurra dantzatu baitute Zubiriaren lagunarteko lau kidek. Jaione Olazabal aresoarrak bere ahotsarekin jarri du musika. Ondoren, omenduaren bi lehengusuk txapela eta oroigarri bat eskaini diote familiari, eta omenaldia amaitzeko, Urreburura bertaratu diren guztiekin argazki erraldoia atera dute. Argazkiaren erdian, omenduari lagunek eginiko pankarta jarri dute: «Frontoian utzitako indar eta griñak, betirako iraungo du gure bihotzetan».