Berrobiko jaiak 2025

Emakume baserritarrek eman diete hasiera festei

Ataria 2025eko abuztuaren 28a

Berrobiko San Agustin jaiak abian jarri dira, txupinazoa eta trikitilarien eta buruhandien kalejirarekin.

Festei hasiera emateko ardura izan dute herriko emakume baserritarrek. Aukera hori eskertu ondoren, eta «gora emakume baserritarrak, gora Berrobi eta ondo pasa festak» esan eta gero bota dute suziria. Aurretik, Aitzol Izquierdo alkateak hartu du hitza, eta palestinarrak izan ditu gogoan. Ondoren, azken urteetan zendu diren herritarrak izan ditu gogoan, eta besarkada bat eskaini die senideei eta gertukoei.

Suziria lehertu ondoren, herriko trikitilariak hasi dira girotzen beraien musikarekin, eta udaletxeko balkoitik goxokiak bota dituzte. Pixkana euria hasi du, baina buruhandiak ere atera dira, eta korrikaldi bat baino gehiago egin dituzte. Plazara lekualdatu da festa, eta bertako kioskoan egon dira musikariak, eta bitartean buruhandiak susto bat edo beste ematen aritu dira herriko haurrei. Udaletxera bueltatuz eman diote amaiera trikitilariek eta buruhandiek bere saioari.

Atertzera egin du eguraldiak, eta toka lehiaketa jokatzeko aukera izan da plazan. Irabazlea Mikel Bergara izan da, eta ondoren sailkatu dira Iker Aierbe, Ion Alduntzin eta Alex Jimenez. Guztiek jaso dute saria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!