Abuztuaren 28an iritsiko dira berrobitarrek horrenbeste maite dituzten jai egunak. Orduan hasiko dira San Agustin festak eta abuztuko azken egunera arte luzatuko dira.
Lehen eguneko goiza lasai joango da, festei hasiera emango dien suziria botatzea eta toka txapelketa izango baitira goizeko ekitaldi bakarrak. Arratsaldean, martxa hartzen joango dira. Herriko pilotariek hartuko dut protagonismoa eta partidak jokatu ondoren, Izer eta Alabaierrek trikitilariek alaituta sagardo dastaketa egingo da. Gauean herritarrak mozorroturik irtengo dira; izan ere, mozorro lehiaketaren txanda izango da. Eguna amaitzeko, Joxe Mendizabalen kontzertua entzuteko aukera egongo da.
Bigarren egunean, haurrak eta erretirodunak izango dira protagonista, ume jolasak eta 60 urtetik gorakoen bazkaria egingo baitira. Arratsaldean, Berrobiko IV. Futbito Txapelketako finala jokatuko dute eta ondoren, haurrek meriendarekin eta helduek elektrotxarangarekin gozatzeko aukera izango dute. Herri afariarekin, Gozategiren dantzaldiarekin eta DJ Jotatxorekin, festa goizeko ordu txikiak arte luzatzea ziurtatuta edukiko dute berrobitarrek.
Batzuk aurreko eguneko ajea pasatzen egongo diren arren, festa egun bete-betea izango da larunbata. Haurrek asto gainean paseoan eta puzgarrietan jolasean igaroko dute goiza. Eguerdian, Bonberenea txaranga arduratuko da Berrobiko kaleak girotzeaz eta bien bitartean, herritarrak bazkarirako paella prestatzen eta lehiatzen arituko dira. Berrobitarrek parrandarako izango duten azken gaua Iratzar taldearen erromeriarekin eta DJarekin girotuta egongo da.
Abuztuaren 31 izango da 2025. urteko San Agustin jaietako azken eguna. Txakolin dastaketa izango da goizeko ekitaldi bakarra, eta bazkal ostean, Bide Ona elkarteak antolatutako bigarren Mus Txapelketa egingo da. Arratsaldean, herri kirol saioa izango dute ikusgai herritarrek, eta jaiei itxiera zahagiardoa edanez emango diote. Mahaiak eta aulkiak bertan egongo dira eta norberak eraman beharko du bere afaria.
EGITARAUA
- ABUZTUAK 28, OSTEGUNA. SAN AGUSTIN EGUNA
- 12:00. Txupinazoa.
- Ondoren. Buruhandiak eta toka txapelketa, plazan.
- 16:30. Pilota partidak, herriko pilotariekin.
- 18:00. Sagardo dastaketa Izer eta Narbaiza trikitilariekin.
- 22:30. III. Mozorro lehiaketa.
- 23:00. Joxe Mendizabalekin dantzaldia.
- ABUZTUAK 29, OSTIRALA
- 11:00. Umeentzako jolasak.
- 12:00. Meza nagusia.
- 14:00. Erretirodunen bazkaria, herriko ostatuan.
- 16:00. IV. Futbito Txapelketa.
- Ondoren. Haurrentzako merienda.
- Iluntzean. Elektrotxaranga.
- 21:00. Herri afaria.
- 00:00. Gozategi taldearekin dantzaldia.
- Jarraian. DJ Jotatxo.
- ABUZTUAK 30, LARUNBATA
- 11:00-14:00. Puzgarriak.
- Ondoren. Astotreken eskutik astoekin paseoak.
- 12:00. Bonberenea Txaranga.
- 14:00. Paella lehiaketa, eta kuadrillen arteko bazkaria.
- Arratsaldean. Bingoa.
- 23:30. Iratzar taldearekin erromeria.
- Ondoren. DJ ZEIN?.
- ABUZTUAK 31, IGANDEA
- 12:00. Txakolin dastaketa.
- 15:30. II. Mus Txapelketa herrikoia, Bide Ona elkartean.
- 18:00. Herri kirolak.
- 20:30. Zahagiardoa, Karena musika taldeak alaiturik.