ELKARRIZKETA

«Arnasguneetan aldaketa oso indartsua gertatzen ari dela ikusten dute euskal hiztunek»

Imanol Garcia Landa 2025eko maiatzaren 26a

Maddi Dorronsoro Olamusu, Alemaniako Flensburg herrian. ECMI

Arnasguneetan bizi diren euskal hiztunak elkarrizketatuz, euskararen inguruan zer erronka ikusten dituzten jasotzen ari da ikerketa lan batean Maddi Dorronsoro Olamusu; Alemaniako ikerketa zentro batean burutzen ari da lana.

Alemania iparraldean dagoen Flensburg herrian, European Centre for Minority Issues (ECMI) izeneko ikerketa zentroan euskarari buruzko lan bat egiten ari da Maddi Dorronsoro Olamusu (Berrobi, 1995). Euskararen arnasguneak diren herrietan euskal hiztunek euskararekiko duten jarrerari buruzkoa da ikerketa lana.

Alemanian, euskara ikertzen. Nola sortu zen kontu hori?

Lan eskaintza bat argitaratu zuten ikerketa zentro batean, European Centre for Minority Issues (ECMI) izenekoan, euskaraz Europako Gutxiengo Gaietarako Zentroa. Lan eskaintza irekia zen, hau da, ikertzaile batek bere ikerketa propioa garatzeko eskaintza zen. Nik Antropologia ikasi nuen, eta gradu amaierako lana arnasguneen inguruan egin nuen, Berrobin, eta iragarki hori ikusi nuenean, proposatu nuen arnasguneen inguruko ikerketa egitea. Horrelako lan eskaintzak ikusten dituzunean, zure curriculuma-eta bidaltzen duzu batez ere lasai geratzeko, eta atera egin zen, eta han daramatzat hamalau hilabete bizitzen dagoeneko.

Zentro horretan hizkuntzalaritza da ikerketa-gai nagusia?

Gutxiengoen gaia da, modu zabalenean hartuta. Oso zentro txikia da, eta horrelako asko ez daude. Uste dut gizarte zientzietan ez daudela horrelako ikerketa zentro asko. Badaude lankide batzuk gutxiengoak eta gatazka lantzen dituztenak, beste batzuk, abokatuak, gutxiengoak babes legalaren aldetik lantzen dituztenak... Ikerketa zentro independentea da, diziplina artekoa, eta bakoitzak bere erara gutxiengoen gaia hartzen du. Hamabost bat gara eta bakoitzak bere erara egiten du, anitza da.

Horrelako ikerketa zentrorik badago Euskal Herrian?

Nik uste dut Europa mailan besteren bat egongo dela, edo departamenturen bat espezializatuta. Hemen horrelakorik ez dago. Euskara hizkuntza gutxitua da, Europan nahiko ezaguna dena, eta nik hori eskaini nezakeen nire aldetik. Zentroari ondo etorri zitzaion Europa mendebaldeko gaiak landu zezakeen norbait.

Nola doa orain arte esperientzia?

Hamalau hilabete inguru daramatzat, eta ondo doa. Hasieran, herrialde berria izatea, ohitu behar zara bertara, gauzek ezberdin funtzionatzen dute, instalatu behar zara, etxea bilatu behar duzu, eta aldi berean lan berri batekin hasi behar zara: pixka bat aldapa gora izan zen. Lanari dagokionez, ez naiz ari tesi bat egiten, baina sentsazioa antzekoa da. Ni nire kabuz ari naiz, eta edozein zientzietako ikerketa batean bezala, irakurtzetik hasten zara: zer egin den, zer ez, egindakoari nola gehitu diezaiokedan nik zerbait... Fase hori pasa nuen, eta gero nire proiektua definitu nuen. Ondoren, udazkenean etorri nintzen Euskal Herrira eta landa lana egin nuen. Datu guztiak bilduta eta transkribapenak eginda, azkeneko hilabetean horiei buelta bat ematen ari naiz. Datu asko ditut eta hori lantzen eta fintzen ari naiz, gauzak idazte aldera.

Zein da zure ikerketaren gaia?

Euskal arnasguneetako euskal hiztunek zer hizkuntza jarrera dituzten, hau da, beraiek zer harreman duten hizkuntzarekin, zer ideia duten euskararekiko, eta nola ikusten duten euskararen egoera beraien herritik. Hori guztia erronkekin lotuta, aldaketa asko gertatzen ari baitira arnasguneetan. Nik hor aurreikusita nuen, baina parte hartzaileek beraiek atera duten gaia izan da migrazioarena edo aldaketa demolinguistikoarena, hau da, nola azken urteotan bertako jende euskalduna beste norabait joan den eta aldi berean herrira etorri den, arrazoi ezberdinengatik, euskaraz hitz egiten ez duen jendea. Horrek eragin bat du herrian eta bertako dinamikan, harremanetan, herrian gauzek nola funtzionatzen duten...

Landa lana non egin duzu?

Gipuzkoan egin dut, besteak beste, praktikotasunagatik. Bestalde, Tolosaldetik kanpo egin nahi nuen, Tolosaldekoa izanik, ez nuelako nahi inork ni ezagutzea. Hasieratik UEMArekin harremanetan egon nintzen eta horrek asko lagundu dit, eta eskertzen diet. Baldintzak ziren UEMAko kidea izatea, eta arnasgune bat izateko baldintza izatea bai euskararen ezagutza eta erabileraren aldetik. Herria bildua izatea, harremanen inguruan galdetu behar nuenez, ez izateko baserri sakabanatu asko zituena. Eskola izatea, bertan biltzen delako profil ezberdinetako jendea. Gero, migrante portzentaje bat izatea, baina gaur egun herri gehienek dute. Hiru herri aukeratu nituen: Aizarnazabal herri txiki moduan; Segura, ertaina, eta Zestoa, handiagoa.

Elkarrizketa asko egin zenituen?

Erabaki nuen hamabi egitea, ez zirelako elkarrizketa motzak, ordu eta erdi ingurukoak izan direlako. Erdiak emakumeak eta beste erdia gizonezkoak, eta erdiak seme-alabak dituztenak eta beste erdiak haurrik gabekoak. Seme-alabak dituzunean, azken urteotako aldaketak beste modu batera ikusten dituzu, eta hori jasotzea interesatzen zitzaidan. Baldintza nagusia zen bertan jaio eta bertan bizi izatea. Modu horretara garai ezberdinetako konparaketa egiteko aukera ematen zidan.

Ikerketaren ondorio batzuk azaldu ditzakezu?

Aipatu ditudan herrietako ezaugarriak dituzten lekuetan bizi dira Ataria irakurtzen duten asko, eta litekeena da nik jasotakoa ez izatea zerbait harrigarria. Azken finean, gizarte zientzietan askotan bilketa lana egiten dugu, eta ez gara ezer berria asmatzen ari. Hasiera batean, elkarrizketatuei galdetu nien zer harreman zuten euskararekin, eta interesgarria izan zen ikusten zutela euskara garrantzitsua zela, baina beharrezkoa agian ez. Jabetzen ziren nahiz eta arnasgune batean bizi, eta ezagutza eta erabilera mailak oso altuak izan, beharrik agian ez zegoela. Galdetzen nienean, erantzuten zidaten ea hitz egin nahi nuen garrantziaz edo beharraz. Elkarrizketatuak ez ziren euskararen militante sutsuak, eta horren bila joan nintzen. Denek ikusten zuten, halere, aldaketa oso indartsua gertatzen ari zela azken urteotan.

Nik irakurrita nuen arnasguneetako euskaldunak batzuetan euskararen pertzepzio distortsionatua dutela. Zu bizi zara soziolinguistikoki salbuespena den leku batean, eta ezin zara egunero esnatu eta kafea hartzen ari zarela esan zer ondo bizi zaren arnasgune batean. Orduan galdetzen nien ea konturatzen ziren euskarari dagokionez oso leku pribilegiatu eta garrantzitsuan bizi direla, eta erantzuten zidaten beraientzako normala dela egoera hori eta ez direla hausnartzen aritzen arnasgune batean bizitzen ari diren ala ez. Zure egunerokotasuna hori da eta ez zara jabetzen zenbateraino den zure egoera salbuespen bat.

«[Arnasguneetan bizitzea] zure egunerokotasuna da eta ez zara jabetzen zenbateraino den zure egoera salbuespen bat»

Erronken inguruan zer azaldu zizuten?

Maddi Dorronsoro European Centre for Minority Issues-en lanean (ECMI).

Erronken inguruan galdetzerakoan nahiko zabal utzi nuen, ez nuen galdetu zuzenean migrazioari buruz. Haurrak dituztenek aipatu zidaten pantailen kontua, bertatik asko kontsumitzen delako gazteleraz eta zerbait ingelesez. Euskararekiko atxikimendua apaltzen ari zela ere jaso nuen. Orain hamarkada pare bat indartsuago zegoen euskararen aldeko militantzia, eta jendeak hori nabarmentzen zuen. Gero, aldaketa demolinguistikoa aipatzen zuten, migrazioak eraginda.

Azkenean, belaunaldi guztiei eragiten die. Arnasguneetara bizitzera joan den jende gehiena helduak dira eta familia izateko garaian, adinekoak baino. Umeen kasuan eragiten du umeen arteko harremanak, eskolakoak, parkekoak... Eta helduen artean, kuadrillara etortzen bada norbait euskaraz egiten ez duena, horrek gehiago edo gutxiago tentsio bat sortzen du, eta horri nola heldu: 20 baldin bagara denok aldatu behar dugu dinamika pertsona horrengatik edo ez, eta hor badaude kuadrilla barruko hizkuntza politikak eta eztabaidak, moldatze hori, erresistentziak, euskaldunak garela azaldu behar hori... Arnasgune batean bizi baldin bazara, euskararen aldetik estres linguistiko nahiko lasaian, euskaraz egiten duzu zure bizitza gutxi gorabehera. Sartzen denean zure umeen inguruan edo zure kuadrillan faktore berri bat, hausnartzen hasten zara nola helduko diozun horri. Arreta eman zidan jende askok esaten zuela orain arte horretaz ez zela jabetu. Hau da, urrutira ikusten zuela arazoa, herri handietan, hiriburuetan, eta salbu sentitzen zela bere herritxoan, bere martxan.

«Sartzen denean zure umeen inguruan edo zure kuadrillan faktore berri bat, hausnartzen hasten zara nola heldu horri»

Beste ondorioaren bat nabarmenduko zenuke?

Galdetu nien zer espero zuten euskararekiko migranteen jarreraren inguruan, eta gehienek esaten zuten espero zutela jarrera ireki bat, interes bat azaltzea, jakitea non bizi diren. Ikastearen inguruan inork ez zidan esan nahi zuenik herrira etorri denak C1 ateratzea urtebetean. Gehienbat esaten zidan behintzat «egunon», «eskerrik asko» eta horrelakoak esatea. Eta enpatia azaltzen zuen jendeak, esanez ulertzen zuela euskara ikastea beraien lehen hiru lehentasunetan ez izatea. Denek esaten zuten gustatuko litzaiekeela etorri berriek euskaraz ikastea, baina gero ematen zuten justifikazio bat zergatik ulertzen zuten ez ikastea.

Ikerketan ere landuko duzu zer egin daitekeen horren aurrean?

Nire asmoa zen jendearen iritziak eta hausnarketak biltzea, hori teorikoki aztertzeko eta gero hori komunitatera bueltatzeko, alorrean lan egiten duten erakunde edo elkarte edo dena delakoekin bidez. Arnasguneen inguruko ikerketa gehiena demolinguistikoa izan da, hau da, zenbakiak eta datu estatistikoak, joerak... Eta hori oso garrantzitsua da, hain osatua egon ez balitz nik alderdi kualitatiboa ezingo nuke egin. Beraz, hori osatzea zen asmoa, arnasguneen panorama zabalago bat edukitzeko, jendea nola sentitzen den jasotzeko. Ikerketa aplikatuaren ideia hori da: nik hau bildu dut, tori zuentzat edo behintzat harremanetan egon beraiek izan dezaten informazio hori. Nik ez daukat erantzunik, bilketa egin dut, eta gustatuko litzaidake ahal den neurrian zabaltzea, dagokionak zerbait egin dezan. Azken finean, elkarrizketatuek ikusten zuten aldaketak gertatzen ari zirela, azkar, eta batzuetan ez dakite nondik jo eta nola aldatu egoera hori.

Orain lanaren zer fasetan zaude?

Idazten ari naiz eta forma ematen. Artikulu akademiko forman idaztea da asmoa, eta gero litekeena da teorikoago idatzitako hori laburtu, argiago jarri, eta agian idatzi daiteke zerbait aproposagoa dena arnasguneetan eragile direnentzat.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!