«Ez da guretzako saria bakarrik, bezeroentzako saria ere bada»

Ataria 2025ko mar. 18a, 11:45

Felix Belaunzaran eta Mertxe Inza, Berrobiko Iriarte jatetxeko arduradunak.

Repsol 2025 Gidaren eguzki saria jaso du Berrobiko Iriarte jatetxeak.

Repsol Gidaren eguzki saria jaso du estreinakoz Berrobiko Iriarte jatetxeak. Santa Cruz Tenerifekoan egin zuten atzo sariak banatzeko ekitaldia. Felix Belaunzaran Berrobiko jatetxeko arduraduna pozik agertu da lehen eguzkia jaso duelako: «Lanean jarraitzeko saria da, ilusioz eta lantalde aktiboarekin».

Belaunzaranek duela 26 urte zabaldu zituen Iriarte jatetxeko ateak, eta hala, baserri zahar bat izatetik, egun den ospe handiko jatetxea izatera igaro zen. Arduradunak aitortu du hainbat urteren ostean zaila dela energia berdinarekin jarraitzea, «baina halako sariek aurrera egiteko indarra ematen digute».

Belauzaranekin batera aritzen da Mertxe Inza emaztea, eta horien inguruan lantalde zabal batek osatzen du Iriarte. Horregatik, sari honekin lantaldearen lana aitortu nahi izan dute: «Lantaldearengatik izango ez balitz, ez ginateke hemen egongo, lantaldearen beharra baitaukagu. Hala ere, ez da guretzako saria bakarrik, bezeroentzako saria ere bada, bezeroak baitira eguzkia, eta beraz, bezero eta lantaldeari eskaini nahi diogu sari hau».

Iriarte ez da eguzki saria duen eskualdeko jatetxe bakarra; Bidania-Goiazko Bailarak ere eguzki sari bat du, eta Villabonako Hikak, Tolosako Casa Julianek eta Amak bina dituzte.

Eguzki bat emateko Repsol gidak hauxe hartzen du kontuan: «Lagun bati gomendatuko zeniokeen jatetxea da, eta askotan itzultzea pentsatzen ari zarena. Premisa da produktuaren kalitatea eta hazten joango den sukaldaritza zintzo eta koherentea egiteko asmoa. Zerbitzu arretatsu eta profesionala du, eta baita upategi zaindua ere. Bertara joateko kilometroak egiteak edo bidaia baten erdian hura ezagutzeak bertako esperientziak justifikatzen du».

Bi eguzki ematerakoan aldiz, jatetxean nabarmentzen dutena da «sukaldaritzak eboluzionatzen jarraitzeko heldutasuna eta potentziala. Anbizioa erakustea, teknika menderatzea eta lehengai onenak bilatzea. Arreta naturaltasunez eskaintzea eta ondo hausnartutako upeltegia izatea».

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!