24 korrikalari izango ditu Soronea-Ammmak

Ataria 2025ko urt. 11a, 19:26

Mendi lasterketa taldea aurkeztu dute eguerdian, bere babesle nagusietako baten egoitzan, Berrobiko Soronea baserrian. Proiektuaren hirugarren urtean, 12 emakumezkok eta beste hainbeste gizonezkok osatuko dute taldea.

Belabieta inguruan korrika saioa egin ondoren, Berrobiko Soronea baserrian bildu dira Soronea-Ammma mendi lasterketa taldeko korrikalariak, aurtengo taldearen aurkezpena egiteko. Proiektuak hirugarren urtea beteko du 2025ean, eta orain arteko bideari jarraituz, «apustu sendoa» egiten segitzeko asmoa dutela adierazi du Jon Azpiroz taldeko korrikalari berastegiarrak.

Soroneaz gain, babesle berriak ere izango ditu aurten taldeak. Negua Extreme Sportswear kirol-jantzien denda izango da horietako bat. Askotariko kamisetak egin dituzte korrikalarientzat, bai lasterketetan erabiltzeko, baita entrenamenduetarako edota kalean janzteko ere. «Kalitate handiko materiala da, eta oso gustura gaude emaitzarekin», esan du Azpirozek. Mendian Korri Eskola taldea ere sortu berri dute, korrikalari gaztetxoei bideratutakoa; Soronea izenarekin parte hartuko dute lasterketetan. «Belaunaldi berriak trail munduan sartzea oso polita eta aberasgarria da», nabarmendu du berastegiarrak.

Hirugarren urtez, parekidetasuna izango da taldearen helburu nagusietako bat. Horrela, aurten, 12 emakumezkok eta beste hainbeste gizonezkok osatuko dute taldea; 24 korrikalari izango dira guztira. Bakoitzak bere helburu txikiak izateaz gain, talde mailako helburuak ere badituztela azaldu du Irati Larrañaga taldeko korrikalari usurbildarrak. «Batetik, ekainean jokatuko den Euskal Herriko Txapelketa, eta bestetik, irailean Andaluzian izango den Espainiako Txapelketa».

Larrañagak entrenamendu saioei berriro ekitea du begiz jota, denboralditxo bat geldirik egon ondoren. «Proba herrikoiak oso gustuko ditut, eta hemen inguruko lasterketetan ariko naiz, batez ere. Zegama-Aizkorri probarako dortsala lortzea amets bat betetzea izango litzateke», gaineratu du. Azpiroz, berriz, ultra distantziako lasterketetan nabarmendu izan da, nahiz eta lesio bat tarteko, azken urteetan ezin izan duen nahi adina probatan parte hartu. «Maiatzean Baigorrin jokatuko den 130 kilometroko proban izena eman dut, eta udan, Ehunmilak lasterketan parte hartu nahiko nuke. Arantza bat daukat, erretiratu egin behar izan nuelako, eta hori kendu nahi dut, baina ikusiko da gorputzak nola erantzuten duen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!