Bi jardunaldi osorekin hasiko da asteburuan Berrobiko XXXII. Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketa. Larunbatean zein igandean egun guztian zehar jokatuko dira partidak. Hurrengo asteburuan ere partidak izango dira eta finalerdiak jokatuko dira, eta azaroaren 30ean izango da finalen txanda.
Ospe handia duen frontenis txapelketa da Berrobikoa. «Txapelketa hau oso berezia da», esan du Garazi Goenaga Ibin Kirol Elkarteko kideak. «Berrobiko herriarentzat sortu zen txapelketa izan zen hasiera batean, eta horri eustea da helburua. Azkenean pena emango liguke hain garrantzitsua den txapelketa bat galtzeak». Gipuzkoa osotik zein Nafarroatik etortzen dira parte hartzera. «32 urtetan zehar sona hartu duen txapelketa da, jende ezberdin asko etorri da parte hartzera, eta ahoz ahoko horrek oraindik funtzionatzen du».
Lau mailatan banatzen da txapelketa. Binaka mutiletan 28 bikote ariko dira, aurreko urtean baino hamar bikote gehiago; neskak binaka 5 bikote ariko dira; mistoetan 8 bikote eta banaka mutiletan 8 parte hartzaile izango dira. «Gehien kosta izan zaiguna mutilen binakako maila antolatzea izan da, partida gehienak bertan jokatuko baitira», esan du Goenagak. Hori horrela, larunbatean zein igandean, goizeko zortzietan hasiko dira partidak jokatzen Berrobiko frontoian, eta 19:45ak arte partidak izango dira. Hurrengo asteburuan, azaroaren 23an eta 24an, jardunaldi oso beteak izango dituzte ere.
Haurrentzako III. Frontenis Txiki Txapelketa antolatu dute ere, baina parte hartzaile gutxik izena eman dutenez, partida bakar bat jokatuko da eta hori finalen egunean izango da, helduen finalen aurretik.