Atzo, Berrobiko sei guneetan bildu ziren berrobitarrak auzokonposta berriro martxan jartzeko prozesuaren inguruan hitz egiteko. Izan ere, auzokoposta berriro egitearen arrazoiak "hondakinak murrizteko, kutxadura gutxitzeko eta ongarri naturala lortzeko" lagungarria dela dio udalak. Horregatik, organikoaren kudeaketarako bi sistemak martxan mantenduko dituzte; orain arteko edukiontzi marroia (organikoa) eta martxan jarriko duen sistema berria (auzokonposta).
Auzokonpostan parte hartzeko interesa duten herritarrek udal bulegoan interesdun moduan eman beharko dute izena, bakoitzaren izen-abizenak eta helbidea adieraziz. Horrez gain, udalak antolatuko duen ikastaroa egin beharko da. Doakoa izango da eta udalak aurrerago jakinaraziko du formazioaren data. Etorkizunera begira, urtean formazio bat ematea aurreikusten du udalak interesdun berrientzat.
Horren ostean, udalak izen-emate zerrendan adierazitako helbidearen arabera auzokonpostarako gune bat esleituko dio erabiltzaile bakoitzari eta edukiontzien kandaduko giltza entregatuko zaio. Gune bakoitzak kolore bateko kandadua izango du. Erabiltzaileak hondakin organikoa ongi sailkatu eta dagokion gunera eraman beharko du. Herri langileek auzokonpostagailuen jarraipena egingo dute prozesua zaintzeko. Prozesua ondo burutzen duten bizilagun taldeek urte amaieran zaborraren tasan %30eko hobaria jasoko dute.
Edozein sistema erabiltzen dela ere, ongi birziklatzea ezinbestekoa dela adierazi du udalak, "horretarako ditugu zabor guneetan edukiontzi desberdinak". Mankomunitateak edukiontziak ondorengo egunetan jasoko dituzte: Papera (edukiontzi urdina) asteazken eta ostiraletan; ontzi arinak (edukiontzi horia) astearte, ostegun eta ostiraletan; organikoa (edukiontzi marroia) astearte eta ostiraletan; eta errefusa (edukiontzi grisa) astelehenetan.
Auzokonpostaren eboluzioa Berrobin
2019tik 2021a arte auzokonposta aktibatuta egon zen Berrobin. 2022an egiteari utzi eta zaborren kudeaketa Mankomunitatearen esku utzi zen, honek zaborren kudeaketa gastuak modu garrantzitsua igotzea suposatu zuelarik.
Datorren urteari begira, Mankomunitateak tasak %8 igo behar dituela kontuan hartuta eta 07/2022 legeak, 2025eko apiriletik aurrera udalei zaborren zerbitzua partzialki finantzatzeko jartzen dien debekua dela eta, udal batzordeak datorren urteko zaborren tasa %50ean igotzeko erabakia hartu du.