Ezkaba mendian Zubixarreko siman aurkitutako giltzatzar herdoildu bat da Ramon Olasagastik (Berrobi, 1970) ondu duen istorioaren abiapuntu. Memoriaren giltza da idazle eta kazetariak haur eta gazte literaturan publikatu duen laugarren lana.
Zergatik aukeratu duzu libururako memoria historikoaren gaia?
Ezkabako inguru horietan kokatu izan dut mendiari buruzko beste ipuinen bat eta memoriaren gaiak, bestalde, beti erakarri izan nau. Luis Garderen Ehiztariaren isilaldia irakurri nuenean harrapatu egin ninduen, zirrara berezia eragin zidan. 1938an Ezkabako espetxetik herio biziko ihes hori eta ehizaldi horretatik bizirik atera eta mugaz bestaldera iritsi zirenen ibiliak sekulakoak iruditu izan zaizkit beti.
Zenbat lagunek egin zuten ihes gotorlekuan eraiki zuten kartzelatik?
Ia 800 lagunek. 2.500 preso zeuzkaten Karlistadetan gotorleku bezala eraiki eta 1937an espetxe bihurtu zuten horretan. Oso-oso baldintza makurrak zituzten: hezetasun eta hotz handia pasa behar izaten zuten eta, esaten dute, benetako sarraski leku bat izan zela. Birikeriak jota asko hil ziren kartzela barruan. Baldintza gaizto horietatik ihesi, zehazki, 795 preso atera ziren. Iluntze batean atera ziren eta haietako batzuk, oso urrutira iritsiko ez zirela pentsatuta, atera orduko bueltatu ziren. Beste asko hurrengo egunetan akabatu zituzten fusilatuta. Gehien gehienak harrapatu egin zituzten eta kartzelara itzularazi. Hiruk lortu zuten muga zeharkatu eta Iparraldean babestea. Laugarren baten zantzua ere badago, baina ez dago frogatuta.
Dokumentazio lan handia egin duzu liburua idazteko?
Zerbait bai, baina gehiegi ere ez. Badira lan handia egin zuten historialariak eta Aranzadi zientzia elkarteak ere jardun du arlo honetan. Irakurri ditut, noski, haien lan batzuk. Nire helburua ez da izan lan sakon bat egitea, hori egina dagoelako. Asmoa izan da gazteei Ezkaban gertatutakoak modu xumean azaltzea, jakin-min tanta batzuk sortzea, eta memoria historiko horri begira gazteei ariketa hori eginaraztea.
Ardura hori sentitzen duzu?
Bai. Uste dut garrantzitsua dela zer gertatu zen jakitea. Aurreko batean Ezkabako tontor horretan izan nintzen eta ez da ezeren zantzurik ikusten. Gotorlekua hor dago, baina han benetan gertatutakoak ez dakit zenbateraino dakizkiten Iruñerriko gazteek. Liburu hau izan daiteke historia ezagutarazteko bide bat. Zer da liburuan azaltzen den botilen hilerria? Inguruko herri txikietako hilerrietan ez zegoen hango presoak sartzeko tokirik eta propio hilerri bat eraiki zuten Ezkabako gotorlekuaren ondoan; 130 preso hobiratu zituzten hilerri horretan eta denei femurren artean botila bat jarri zieten. Botilaren bakoitzaren barruan paper bana jarri zuten, beren identifikazio datuekin: izen-abizenak eta jatorria.
Ezkaba inguruko leku horiek ezagutzen al dituzu?
Gehienbat Adi mendiaren inguru hori ezagutzen dut, handik pasa ziren iheslariak Urepele (Nafarroa Beherea) aldera. Mendiko bizikletarekin egin izan ditugu txangoak hango basoetan barrena. Hainbeste ezagutzen ez ditudanak Ezkaba iparraldeko lehen herri horiek dira. Hala ere, interesa duenarentzat, gaur egun badago GR bat, iheslarien bide hori berritzen duena; Iruñetik Urepeleraino doa, 55 kilometro inguru dira. Lasterketa bat ere egiten dute bidezidor horri jarraituz.
Indio eta Tania dira liburuko protagonistak.
Bai. 14-15 urte bueltako bi nerabe dira. Indio Iruñerriakoa eta Tania jatorriz Nikaraguakoa eta gaur egun Txantrean bizi dena. Beti ibiltzen dira mendialdean, Ezkaba inguruetan, zer-suma eta zer aurkituko. Indiori espeleologia asko gustatzen zaio eta bi pertsonaien ibileretan badago gu izan ginen gaztetxoen nostalgia. Gu ez gara pantailen garaikoa, gure entretenimendua izaten zen herri inguruetako basoetan galtzea, han txabolak egitea eta jolasean aritzea. Uste dut nostalgia horren zantzuak nabari direla Indio eta Taniaren pertsonaietan. Jakin-min horri tiraka joango dira ezagutzen Ezkaban gertatu zena, ihes hori zer izan zen eta non zegoen botilen hilerria kokatuta.
Indio izena Tolosaldean ez zaigu oharkabean pasatzen...
Bai, Iñaki Alonso Indio zenari egindako keinu bat da, hura ere espeleologia zale amorratua baitzen. Liburuan agertzen den pertsonaia ez da Iñaki bera, baina haren nortasun eta izaeraren zantzu batzuk baditu Indio gazte horrek. Horrez gain, beste keinu batzuk egin ditut kontakizunean. Indio pertsonaiaren aita mendian hildakoa da eta hori baliatu nahi izan dut gertuko sentitu eta mendian galdu ziren mendizaleei oroimen keinu bat egiteko. Alberto Zerain edota Manu Badiola izan ditut gogoan, adibidez.
Tania berriz migratutako gazte bat da. Gai hori ekarri nahi zenuen kontakizunera?
Bai. Azkenean haien errealitatea islatu nahi izan dut. Taniaren ama bera baino lehentxeago lanera etorri zen hona eta beranduago ekarri zuen alaba. Etorkinak zer nolako baldintzetan etortzen diren eta zer nola aritzen diren lanean azaldu nahi nuen, gure etxeetan, gure aiton-amonak zaintzen. Migrazioaren gai hori presente dago eta jasaten duten gutxiespena ere bai. Eskolan Taniak, hasiera batean, burlak jasaten ditu. Ez dut gai horietan gehiegi sakontzen, baina, behintzat, azaleratzen da migratuen egoera hori.
Kontakizunaren amaieran garrantzia hartzen duen adineko pertsonaia egiazko pertsona batean oinarrituta al dago?
Bai. Burutaingo pertsona bat zen eta horrek ere zirrara berezia sortu zidan. Berak zazpi urte zituela Ezkabako ihesaren ondoren ikusitako pasarte batzuk isilean eduki zituen ia 80 urtez. Ez zion inori deus esan. Ez arrebari, ez seme-alabei. Ikusi zuenean hango eta hemengo desobiratzeetan historia hori azaleratzen ari zela eta Aranzadi ari zela hobi komunak agerrarazten, iruditu zitzaion kontatzeko garaia iritsi zela eta kontatu egin zuen. Albiste hori komunikabideetan azaldu zen eta inpaktua sortu zidan nola eduki dezakeen pertsona batek hainbeste urtetan horrelako pasadizo latz bat gordeta inori ezer esan gabe. Horrek berak adierazten du zenbateko beldurra zuten eta zeinen gogorrak izan ziren garai haiek, 36ko gerrakoak eta ondorengo urteetakoak.
Zeinentzat da egokia liburua?
Uste dut behin 13-14 urtetik gorakoentzat egokia izan daitekeela, eta irakurzaleak badira, gaztexeagoentzat ere bai. Helduen inpresioak iritsi zaizkit eta haiek ere irakurtzen gustura aritu direla sumatu dut. Batek baino gehiagok esan dit gehiagorako gogoz geratu dela, ez dudala asko sakontzen zenbait gauzetan. Hori propio egina dago, ordea, gaztetxoei begirako liburu bat delako. 100 orrira iristen ez den liburua da, uste dut erraz irakurtzeko modukoa dela, eta berez, edozeinentzat izan daitekeela egokia.
Asko aldatzen duzu idazkera gazteentzat ari zarenean?
Eragiten du. Kontuan hartzen dut norentzat ari naizen idazten. Saiatzen naiz sinpleago idazten, ez esaldi luze edo korapilatuak. Aldi berean, etxetik jasotako euskara hori ematen saiatu naiz. Askok nabarmendu didate herri txikietako euskara hori nabari dela ez bakarrik liburu honetan, baita aurretik idatzi ditudanetan ere. Ahalegintzen naiz idatzian ahozkotasunetik gertu daitekeen euskara hori jasotzen, beti ere kontuan hartuta gazteentzat ari naizela. Seguruena gazteek ez direla liburuko Indio eta Tania bezala aritzen ahozkoan; etxean sumatzen dudanagatik diot. Erdarazko makulu gehiago sartzen dituzte gaur egungo gazteek.
Zer kostatu zaizu gehien kontakizun hau idazterakoan?
Fikzioa eta errealitatea nahastea. Benetako gertaerak ipuin horretan txertatzea kosta zait gehien, ez nuelako Wikipediako datuen emate huts bat izatea nahi. Gertakari horiei zentzu bat ematen saiatu naiz, informazio horiek ez zitezen adabaki hutsak izan. Joskera hori ematea izan da konplikatuena.