Berrobiri bira eginez, korrika

Ataria 2024ko irailaren 19a

Iazko Berrobira Krosaren une bat.

XXI. Berrobira Krosa egingo da larunbatean, eta haur zein helduentzako probak izango dira.

Ibin Kirol Klubak antolatuta, XXI. Berrobira Krosa egingo da larunbat arratsaldean, Berrobin. Umeek zein helduek korrika egiteko aukera izango dute, eta txikienak izango dira aurrenak parte hartzen. 16:00etan hasiko dira, aurrebenjaminak, 400 metro eginez; 16:10ean benjaminak, 800 metroko ibilbidearekin; 16:20ean alebinak, 1,5 kilometro; eta 16:30ean, infantil eta kadete mailakoak, 3 kilometro. Izena Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke, edota egunean bertan 15:30etik aurrera.

Helduek, 16 urtetik gorakoek, 17:00etan izango dute irteera ordua. Hauek 7,5 kilometro egingo dituzte, eta lehenengo gizonezkoak eta lehenengo emakumezkoak 100 euroko sari bana izango dute. Bigarren eta hirugarren sailkatuek garaikurra jasoko dute. Izen ematea bakarrik Internet bidez egin daiteke, Herrikrosa.eus webgunean, eta epea larunbatean 16:30ean amaitzen da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!