Berrobiko jaiak 2024

Iriarte jatetxeak eta Berrobi Berri aldizkariko kideek eman diete jaiei hasiera

Endika Apalategi Labayen 2024ko abuztuaren 28a

San Agustin egunean bertan eman diete hasiera aurtengo Berrobiko jaiei; txupinazoa bota ostean, Toka txapelketa egin dute plazan. Festak igandera bitarte ospatuko dituzte.

Iriarte jatetxeko Felix Belauntzaran eta Mertxe Inza, eta Berrobi Berri aldizkariko Bittor, Begoña eta Agurtzane arduratu dira aurtengo San Agustin jaiei hasiera eman dien suziria botatzeaz. Iriarte jatetxeak eta Berrobi Berri aldizkariak 25 urte betetzen dituzte aurten, eta  udaletxe azpiko plazara gerturatu diren herritarrei «eskerrak» eman nahi izan dizkiete urte guzti hauetan jaso duten babesagatik.

Behin jaiei hasiera emanda, Toka txapelketaren jarraitu du festak Berrobin. San Agustin eguneko beste ekitaldiak, herri kirolak eta Andoni Ollokiegik alaituriko zahagiardoa izango dira.

Ikusi hemen Berrobiko San Agustin jaietako egitaraua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!