Berrobiko jaiak 2024

San Agustin jaiekin iritsi gara helmugara

Endika Apalategi Labayen 2024ko abuztuaren 23a

San Agustin egunean hasi eta irailaren 1a bitarte, bost eguneko festan murgilduko dira berrobitarrak. Aurten, lehen aldiz, Berrobiko Gazte Eguna ospatuko dute.

San Agustin jaiak ospatzen dituzte Berrobin, eta aurten, eguna bera abiapuntu hartuta, bost egunez festan ibiltzeko moduan izango dira. Aurtengo jaiak ere herriko eragile ezberdinen artean antolatu dituzte, eta inoizko festarik luzeenak izango dituzte. 

Jaien bigarren egunean, II. Mozorro Lehiaketa eta Sagardo Dastaketa izango dira eguneko ekitaldi garrantzitsuenak. Mozorro onenaren lehiaketa irabazten duenari saria emango zaio aurten ere. Hurrengo egunean, Ibin kirol klubekoek antolaturiko Berrobiko III. Futbito Txapelketa jokatuko da, eta egitasmo honen helburua herriko gazteak ekintzak egitera bultzaraztea da. Eguna amaitzeko, herri afaria egingo da herriko plazan.

Gaztengana bueltan etorrita, aurten, abuztuaren 31n, Gazte Eguna egingo dute. Paella lehiaketa eginez emango diote hasiera egunari, eta egunean zehar hainbat ekintza antolatu dituzte: bazkaria, herri jolasak, kontzertuak... Kontzertuen artean, sona handiko Los Zopilotes Txirriaos taldea aurkitzen da, besteak beste. 

Azken egunean, pilota eta dantza txapelketak egongo dira ikusgai herritarrentzat. Mus txapelketak ere izango du bere zeresana, eta parte hartu nahi duenak Bide Ona elkartean izena eman beharko du, 16:00ak baino lehen. Txapelketetako nekeak arintze aldera, erromeriek zein txarangek alaituko dituzte Berrobiko kaleak. Azkenik, zahagiardoarekin emango zaie amaiera San Agustin jaiei eta baita Tolosaldeko abuztuko jaien maratoiari ere.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!