Hemendik aurrera janari denda berria izango dute berrobitarrek. Jose Maria Goikoetxea kaleko 31. zenbakian aurkitzen da Lakarie denda, eta kafetegia zerbitzua ere eskaintzen du. Agurtzane Belaunzaran (Berrobi, 1979) eta David Belaunzaran (Berrobi, 1987) anai-arrebek hartu dute horretarako ardura, herritarrei zerbitzu bat emateko asmoz.
Lakarie denda eta kafetegia zabaldu berri duzue. Zer dela eta?
Duela bi hilabete bizi guztian herrian egon den Iturriza janari denda itxi zen eta herria ezer gabe geratu zen. Pena ematen zigun herria ezer gabe geratzeak eta gure gurasoek lehen kafetegia izandako lokal bat zutenez, hori irekitzea erabaki genuen. Egia da, guk beste lan batzuk ditugula, eta orain honetan sartu gara; baina herriari zerbitzu bat emate aldera eta gu gure bizimodua aurrera ateratzearren zabaldu dugu Lakarie denda eta kafetegia.
Zer da eskaintzen duzuena?
Egunerokotasunean erabiltzen ditugun produktuak aurki daitezke dendan, baita produktu bereziagoak ere. Esaterako, igande batean esparrago batzuk jan nahi badituzu, guk horiek ere eskaintzen ditugu. Produktu ekologikoen txoko txiki bat ere badugu, baita barazki eta esneki ugari ere. Marka komertzialak ditugu, baina esnekietan ere baditugu, adibidez, Orendaingo edo Altzoko esnekiak. Alegia, inguruko produktoreekin lan egiten saiatu gara, baita beraien zerbitzua eskaintzen ere.
Kafetegi zerbitzua ere eskaintzen dugu, eta bertan gosariak ere ematen ditugu. Aurrerago tostada bereziagoak eta jogurt bowlak eman nahi ditugu. Zerbitzu bat eman nahi dugu jendeak non elkartu izan dezan.
Lakarie izena jarri diozue. Nondik dator?
Lakarie garai batean erabiltzen zen neurgailu bat da, baserritarrak azoketara joaten zirenean saltzera, euren produktuak pisatzeko kutxa moduko bat. Lakarie batean hiru kilo sartzen dira normalean. Andres Etxeberria berastegiarrak lakari bat egin zigun. Berez lakari esaten da baina berak lakarie esaten dio. Gu Tolosaldekoak izanda hitz askori e jartzen diogu bukaeran: ogie, ure, argie eta honi ere lakarie jartzea erabaki genuen. Gainera, bezero bakoitzak neurrian egingo ditu erosketak eta euskaldunak garenez, erromantizismo moduan garai bateko hitzak berreskuratzeko modua ere izan da.
Beste lanbide batzuk dituzuela aipatu duzu. Nola antolatuko zarete?
Ez dugu pentsatu ere egin nahi. Hasieran denboraldi desberdinetan banatzea pentsatu genuen, baina oraindik kokatzen ari garenez, ez dakit nola egingo dugun. Honek egunerokotasun bat eskatzen digu eta argi genuena zen ez genituela gure beste lanbideak galdu nahi. Momentuz gustura gaude eta aurrera aterako dugu nolabait.
Zein ordutegi izango du?
Astelehenetik ostiralera 08:30etik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era. Larunbatetan, berriz, 08:30etik 14:00etara izango da zabalik. Asteazken arratsaldeetan eta igandeetan itxita izango da.
Anaiarekin batera zabaldu duzun negozioa da. Hori seinale ona. Zer moduz moldatzen zarete zuen artean?
Begiradarekin bakarrik ulertzen dugu elkar. Oso ondo konpontzen gara, bestela ez genuke elkarrekin egingo.
Ostiralean egingo duzue inaugurazioa. Zer antolatu duzue?
Herritarrei gure dendaren berri eman nahi diogu, eta bertan, gure produktuekin osatutako dastaketa bat egingo dugu. Hemen oso betikoak gara, hau da, betiko janaria jaten dugu, eta gure asmoa hain betikoak ez diren eta guk saltzen ditugun produktuak ere jartzea izango da. Beraz, urdaiazpikoa eta gazta egongo dira, baina baita hummusa edota guakamolea ere.
Astelehenean zabaldu zenuten. Nolako harrera izan du herrian?
Printzipioz jendea oso gustura dago, Kandik (Iturriza) denda itxi zuenean herria triste geratu zela kontatu digute askok. Guk, gainera, goizean zabaltzen dugu. Beraz, denda izateaz gain, herritarren bilgune bat ere izango da kafea hartu eta gosaltzeko.