Berrobi izan da garaile Herri Txikietako Txapelketan

Ataria 2024ko eka. 11a, 12:13

Areto futboleko Gipuzkoako Herri Txikien Txapelketako azken jaialdia jokatu da Berrobiko frontoian, eta etxekoek lortu dute garaikurra.

Berrobik irabazi zuen areto futboleko Gipuzkoako Herri Txikietako Txapelketa, larunbatean, herriko frontoian, Itziarren aurka. Etxekoak, gainera, oso azkar hasi ziren finala bideratzen, 3. minuturako 2-0 jarri baitziren. Bost minutu geroago Itziarrek markagailua murriztu eta finalean sartu zen berriro, baina atseden hartzera joaterako Berrobik beste bi gol egin zituen, lehen zatia 4-1rekin amaitzeko. Bigarren zatian Itziar ahalegindu zen aurrea egiten markagailuan, baina etxekoek zuten abantailari eutsi zioten hasieran eta amaieran handitu egin zuten, bukaeran garaipena erdietsiz.

Hirugarren eta laugarren posturako lehian Ikaztegietako Kutturru taldea eta Aizarnazabal lehiatu ziren. Dudarik gabe arratsaldeko partidarik politena izan zen, hirugarren posturako lehiak ematen duen lasaitasunak bi taldeei zuten onena ematen utzi baitzien. Ikaztegietakoak oso azkar aurreratu ziren 3-0, baina atseden hartzera joaterako Aizarnazabalek bi gol sartu eta 3-2 joan ziren atseden hartzera.

Bigarren zatian Aizarnazabalek partida berdindu egin zuen, eta penaltien itzala agertzen hasi zenean Jurgi Leundak lortu zuen Kutturruren laugarrena eta azken unean Aimar Muruak handitu zuen aldea, neurketa erabakiz eta 5-3ko lortuz.

GAZTETXOAK

Beteluk irabazi du Gipuzkoako Herri Txikietako gaztetxoen topaketa, finalean Aizarnazabali 7-4 irabazita. Neurketa oso polita izan zen. Aizarnazabal jarri zen aurretik, baina Beteluk buelta eman zion. Horrela aritu ziren ia amaierara arte, estu, joko ederra eskainiz, bien arteko oreka handia izan baitzen, baina azken txanpan Beteluk apurtu zuen finala, garaipena eskuratuz. Dena dela, neurketa oso polita jokatu zuten.

Hirugarren posturako lehian, berriz, Ikaztegietak 7-0 irabazi zion Errezili. Azkeneko emaitzak ematen duena baino estuagoa izan zen partida, eta hauek ere partida ikusgarria eskainiz.

Partida guztiak Berrobiko frontoian jokatu ziren, eta sari banaketan hainbat gonbidatuk parte hartu zuten, tartean Realeko jokalariek. Aitzol Izquierdo alkatea eta Nagore Segurola zinegotziaz gain, Realeko futbol taldeko beteranoak diren Tomas Orbegozo eta Mikel Loinaz, eta Realeko nesken futbol taldeko Ainara Ugartemendia eta Aiara Agirrezabala aritu ziren sariak banatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!