Urruti eraikina herritarren eskura jarriko du Berrobiko Udalak

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 12a, 17:55

Berrobiko Udalak herritarren ekarpenak jaso nahi ditu, eta horretako bilera egingo dute ostegunean, 18:00etan, udalbatza aretoan.

Herriaren jabetzakoak diren guneak berrantolatzea eta herriaren zerbitzura jartzea da Berrobiko Udalaren asmo nagusienetako bat. Eta horixe egingo dute Urruti eraikinarekin. Ipulategi kalearen parean kokatuta dagoen eraikina da, ibaiaren beste aldean. Udalak 2004ean erosi zuen, eta Nagore Segurola zinegotziak adierazi duenez, «inoiz ez zaio inongo erabilpenik eman, bilgune zahar bat bezala erabili baitugu gaur arte».

Orain, zerbait egiteko asmoa dutela esan du Segurolak, eta horretarako, parte hartze prozesu bat zabaldu dute herritarrekin batera, «herria, herritik egiten delako». Honela, herritar guztien artean eraikinari zein erabilera eman eta zein zerbitzu eskainiko dituzten erabakiko dute ostegunean, 18:00etan, udalbatza aretoan egingo duten bileran.

Kokapen ona duen eraikina dela dio zinegotziak, «eta espazioari dagokionez ere zerbait polita egiteko aukera eskaintzen du». Izan ere, hiru solairu dituen eraikina da, eta solairu bakoitzak 200 metro karratu inguru ditu. Duela gutxi, gainera, teilatuko garbiketak egin zituen udalak, goroldioak izan zirelako tartean. Eraikina zahartuta dagoenez, aurrera begira dena berritu beharko dutela gaineratu du, «baina lehenengo zer egin erabaki behar dugu».

Bi urteko proiektua izango da, «ez da egun batetik bestera egingo». Hortaz, faseka egingo dute lan, lehen solairutik hasita azken solairura arte. «Udalaren asmoa bertan beste ostatu bat egitea eta erabilera anitzeko gela sortzea da, baina herritarrekin bildu nahi dugu denon arten zer egingo genukeen erabaki eta antolatzeko».

Hortaz, ostegunean egingo duten bileran parte hartzeko deia egin die herritarrei, eta bertan udalaren asmo hauen berri «zehatzago» emango dutela jakinarazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!