Martxan da berriro berrobitarren topagunea

Leyre Carrasco 2024ko mar. 14a, 11:59

Hemendik aurrera Mahmoud Alatrash izango da Berrobiko ostatuko arduraduna; «ilusioz» eutsi dio erronkari, herria girotzeko asmoarekin.

Berrobin aski ondo ezagutzen zuten Mahmoud Alatrash; bera, berriz, orain ari da ezagutzen herria. Ibarrako Mahmoud okindegi-pizzeriko arduraduna da, eta orain Berrobiko ostatukoa ere. «Beldur pixka batekin» hartu zuen ardura Alatrashek, «Berrobin jende gutxi zegoela eta lanik ez nuela izango esaten zidatelako». Hala ere, berak aurrera egitea erabaki zuen eta martxoaren 1ean zabaldu zituen ostatuaren ateak. Denbora gutxi igaro bada ere, Ibarran baino gusturago dagoela esan du, «gehiago disfrutatzen dudalako tabernako giro artean».

Alatrash siriarra da. 2016an Madrilera (Espainia) joan zen eta handik Euskal Herrira etorri zen, Ibarrara zehazki. Euskal Herria maite duela dio, eta dagoeneko Ibarran familia eraiki duela: «Sirian okindegia nuen eta Ibarrara iritsi nintzenean okindegi bat irekitzea erabaki nuen. Bertakoek hasieratik oso ondo hartu ninduten, maitasun handiz. Zortzi urte igaro dira geroztik, eta okindegiari esker, hemen ere familia bat eraiki dudala esan dezaket».

Orain, erronka berri batean murgildu da: Berrobiko ostatua. Esperientzia «guztiz desberdina» dela dio Alatrashek, eta hasieran funtzionatuko zuenaren «beldur» bazen ere, berak argi du: «Berrobi girotu nahi dut, proiektu hau ahalik eta gehien luzatuz».

BI BERRIKUNTZA

Aurreko arduraduna izan zen Ana Hernandez lezoarrak aldaketak egin zizkion lokalari, eta Alatrashek horiek mantentzea erabaki du. Hala ere, bi berritasun gehitu dizkio. Batetik, telebista berriak ekarriko ditu, «hazbeteko gehiagokoak, etortzen diren bezero gazte zein helduek kirol partidak gustura ikus ditzaten». Bestetik, terraza zerbitzuari pergola gehituko dio, «txarra egiten duen egunetan terrazan egon nahi duten bezeroei bertan egoteko aukera eskainiz».

Dendako zerbitzua mantentzea ere erabaki du, baita okindegia ere. Bertan, denetariko opilak eskaintzen ditu; esaterako, croissantak, magdalenak, donutsak edota palmerak, txokolatezkoak zein txokolaterik gabekoak. «Askok etxera eramateko erosten dituzte, baina kafea hartzera etortzen direnek ere mokadutxo moduan hartzen dituzte».

Tabernaz gain, jatetxe zerbitzua ere eskaintzen du. Bertan, bokatak, hanburgesak, plater konbinatuak edota entsaladak dituzte aukeran, baina etxeko «plater izarra» otarrainxkak plantxan direla ziurtatu du arduradunak. «Mimo handiz prestatzen ditugu plater guztiak, baina plater horrek arrakasta gehien izan du bezeroen artean».

HASIERA «EZIN HOBEA»

Martxoaren 1ean zabaldu zituen berriro ateak Berrobiko ostatuak. Egun horretan egin zuten inaugurazio ekitaldia, hain zuzen. Jendetza gerturatu zela kontatu du txantxen artean, «baina hala izatea espero genuen, urdaiazpiko-hanka bat ekarri genuelako mokadu moduan». Egun horretan afariak ere eskaini zituztela gehitu du, «baina ostatuko lehen afari ofiziala Emakumearen Nazioarteko Egunean izan zen. Ostatua betetzea lortu genuen, 45 pertsona izan genituen afaltzen, beraz, hasiera ezin hobea izan da».

Denbora gutxi igaro bada ere, «pozik» dagoela dio arduradunak: «Lana dagoela ikusi dut, jendea ondo erantzuten ari delako. Egia da, astean zehar ez dela jende asko egoten, askok lana egiten dutelako, baina asteburuetan jende asko etortzen da. Esaterako, igandean, 23 lagun izan genituen afaltzen».

Egunero ari dira zabaltzen ostatua, 08:30etik 22:00etara, eta ostiraletan, larunbatetan eta igandetan 08:30etik 00:00etara. Hala ere, egun bat ixteko asmoa dute, langileek «atseden hartzeko». «Herritarrek asteazkenetan ixteko esan digute, eta pasa den asteazkenean ixteko asmoa izan genuen, baina erretirodunentzako askaria antolatzeko eskatu ziguten, 24 pertsonarentzako, eta azkenean ireki egin behar izan genuen».

Lana dagoen bitartean egunero zabalduko dutela esan du, baina udaran, berriz, asteburuetan soilik izango da zabalik. «Uztailean eta abuztuan herria hutsik geratzen da eta langileei oporrak emateko aprobetxatuko dut, horregatik, udaran asteburuetan bakarrik irekiko dugu, ostiraletik igandera bitarte».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!