Jon Artano kazetari eta idazle zestoarrak Juana izeneko liburua argitaratu berri du, Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten Tene Mujika Bekari esker. Bertan, Juana Perea Plata hispano-kolonbiar hiritartasun bikoitza zuen aktibista, ekintzailea eta enpresariaren istorioa kontatzen du.
Perea nork eta zegatik hil zuen ulertzeko, krimena gertatu zen tokira bidaiatu, lekukoekin mintzatu, eta ikerketako agiriak arakatu ditu zestoarrak. Hain zuzen, 2016ko irailean iritsi zen Kolonbiara EITBko korrespontsal gisa, FARC –Latinoamerikako gerrilla indartsuena– eta estatua bake akordio izenpetzear zeudela. Hiru urtez aritu zen berriemaile. Rikardo Arregi sarirako izendatu zuten han egindako lanagatik.
2022an Tene Mujika beka irabazi zuen Anderik Ande proiektuarekin, eta egitasmo horren baitan Hego Amerikan egindako sei hilabeteko bidaiak bi aldiz jo zuen Kolonbia. Itzulera horretan bildutakoaren emaitza da Juana. Bere lehen lan hau, gaur, 18:30etan, Berrobiko pleno aretoan aurkeztuko du eta liburua bertan erosteko aukera izango da.
Sinopsia
Juana Perea Plata, 1937an Bilbotik ihesi Bogotara iritsitako euskal familia batean jaiotako ardi beltza, legendazko emakume bat. Nerabetan etxetik alde egin zuen abentura bila Karibera. Urpekaria izan zen, marinela izan zen, pirata izan zen... beti ezarritako arauak hautsiz, mugak zeharkatuz, zoriontasunaren atzetik. 2020ko urriaren 29an parte txarreko gizon batzuek erail zuten arte.
Juana nork eta zergatik hil zuen ulertzeko, krimena gertatu zen tokira bidaiatu, lekukoekin mintzatu, eta ikerketako agiriak arakatu ditu Jon Artanok. Behatxuloa dago orriotan Amerikako gatazka armatu zaharrenari begiratzeko, horko logika makabroa ulertu eta biktima bakoitzak inguruan sortzen duen samina sentitzeko.
Literaturaren saskitik hartutako aparailuez txirikordatu du egileak Juanaren eta haren familiaren historia. Eta kazetaritzak zor duen zorroztasuna muturreraino eramanaz egin du hori, gerra garaiko Bizkaia eta gaur egungo Kolonbiako ertzik basatiena lotuz epopeia harrigarrian; Jose Antonio Agirreren bulegotik Tribugáko oihan abarotsura, Afganistanen barrena.