Berrobi Udalbiltzako kide izango da gaurtik aurrera. Iragan urteko azaroan eginiko osoko bilkuran hartu zuen Udalbiltzako kide izateko erabakia, Berrobi Bizi herri plataformako 5 ordezkarien aldeko botoekin eta PSE-EEren zinegotziaren aurkako botoarekin.
Hain justu, Euskal Herriko Udalen Patzuergoak gaur 12:00etan Bergaran egingo du aurtengo lehenbiziko Kontseilu Nagusia, eta bertan izendatuko dituzte kide berriak. 77 udalek osatzen dute partzuergoa, eta gaurko ekitaldiaren ostean, Dima, Berrobi, Larraun, Izurtza, Markina-Xemein, Mendaro eta Plentzia ere Udalbiltzako kide izango dira, orotara 84 kide izango direlarik. Udalbiltzatik dierazi dutenez, beste zenbait herrik 2024an Udalbiltzan sartzeko asmoa dute.
Kontseilu Nagusia egiteaz gain, lau urtean behin egiten duten Batzar Orokorra ere egingo dute gaur Bergaran. Izan ere, berezia izango da 2024 Udalbiltzarentzat, erakundeak 25 urte beteko baititu. Gaurko bilkurak, beraz, ekitaldi izaera izango du, eta bertan «nazio eraikuntzari» egin dioten ekarpena aitortuko dute, eta «burujabetzarako egitasmo eraldatzaileen» bide berritua aurkeztuko dute.
Udalbiltza 1999ko irailaren 18an sortu zuten, Bilbon, eta bost printzipio oinarrian ekin zioten bideari: EH nazio bat dela aldarrikatzea eta haren egituraketa politikoa eraikitzea; nazio eraikuntza bultzatzea; herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, eta nazioartean adieraztea EH nazio berezkoa dela eta hala izan nahi duela. Azken urteetan ikusi dute Partzuergoko geroz eta udal gehiago daudela egitasmo eraldatzaile eta berritzaileak aurrera eramaten. Horregatik, nabarmendu dute bi funtziori, aholkularitzari eta "eskalatzeari", eutsiko dietela.