Batzar nagusian, besteak beste, 2023an egindakoaren balantzea aztertu eta 2024rako egitasmo nagusiak onartu dituzte batzarkide diren alkateek eta zinegotziek. Gaur onartutako sei udalekin, guztira 107 kidek osatzen dute orain mankomunitatea, guztien artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz. Nagore Segurola Berrobiko Udaleko Euskara zinegotzian izan da gaurko ekitaldian, eta Berrobi herri euskalduna izanik ere, kezka azaldu du erabileraren inguruan: «Gehiengoak ezagutzen du eta erabiltzen du euskara, baina erabileran beheranzko joera dago. UEMArekin lankidetzan udaletik gai horretan ariko gara». Bestalde mankomunitateari zoriondu dio orain arte egindako lan guztiarengatik, eta aurrerantzean udalerriek euskaraz jardun nahi badute UEMAren beharra izango dela gaineratu du. «Ea denon artean Euskal Herri euskaldun bat lortzen dugun» esanez amaitu du Segurolak bere adierazpena.
Herri berrien eskaerak onartu aurretik, amaitzear den urtearen balantzea eta 2024rako egitasmoa ere onartu dituzte batzarkideek. Aurtengo balantzeari dagokionez, egindako zenbait lan nabarmendu dituzte: hamar herri gehituta UEMAk izan duen hazkundea; agintaldi aldaketa; udaletako erabilera planak; Hedatu hezkuntza proiektua sistematizatu izana irakasle, ikasle eta gurasoen artera zabaltzeko; Salto! udalekuak izandako harrera ederra; euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko proiektua beste 13 herritara zabaldu izana; Arnasa Gara ekimenaren baitan Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin sendotutako lankidetza; eta UEMAren ikerketa-lerroari emandako bultzada eta garrantzia.
2024ko egitasmoen artean, berriz, hainbat nabarmendu dituzte. Honakoak, beste askoren artean: Nafarroako udalerri euskaldunak UEMAra gehitzeko plangintza, maiatzaren 18an izango den Udalerri Euskaldunen Eguna; kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa beste herri batzuetan zabaltzen segitzea; arnasguneei buruzko topaketak edota herritarrak ahalduntzeko eta sentsibilizatzeko saioak.
Euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen UEMA. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko. Horrela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko bihurtu zen UEMA. 1991n, sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez.
UEMAk aurtengo martxoaren 25ean gainditu zuen 100 udalerrien langa, eta egindako bidea gogoratzeko eta udalerri euskaldunek euskarari eta herri honen ondareari egiten dioten ekarpena aitortzeko, ekitaldia egin zuen Azpeitian.
Argazkiak: UEMA