Azoka Eguna izango dute igandean, Berrobin

Ataria 2023ko abenduaren 13a

Bigarrengoz, herriko eta inguruko nekazariek eta artisauek plaza hartuko dute; 20 postu izango dira guztira goiz osoan zehar.

Udazkeneko azokak aukera paregabeak izaten dira zereginak aurreratu eta gabonetako opariak erosteko, baita herriko zein inguruko ekoizleen lana babestu eta bultzatzeko ere. Eskualdean baditugu ospakizun data hauetan antolatzen diren gabonetako azoka ugari eta herritar asko izaten dira horiekin bat egiten dutenak. Horren adibidea da igandean Berrobiko plazan egingo duten azoka.

Orain arte, azoka udaberrian soilik egiteko ohitura zutela esan du Aitzol Izquierdo alkateak,  «baina beste herrietan garai hauetan azokak egiten direla ikusi eta Berrobin ere egitea erabaki genuen». Iaz egin zuten udazkeneko lehena eta horren arrakasta ikusita jarraipena ematea erabaki dute aurtengoan. Honela, 20 postu izango dira denera igandean. Herriko eta inguruko baserritarren produktuak eta artisauen lanak izan dira eskura, eta gose dagoena mokadutxo baterako aukera ere izango du.

Alkateak igandean plazara azaltzeko deia egin die herritarrei, «horrek ematen baitio bizia herriari, eta bakoitzak bere neurrian bere ekarpena egin dezala».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!