Jarduera gehiago izango dituzte abenduan, Berrobin

Ataria 2023ko abenduaren 4a

Berrobiko Udalak, herriko elkarteekin batera, abendurako kultur agenda prestatu du; udazkeneko azoka izango dute hurrengo zita, abenduaren 17an.

Festa giroan abitu dute abendua Berrobin. Julen Axperen furgologoa izan zuten ostiralean, eta ondoren, pintxo-pote berezia egin zuten. Larunbatean, berriz, babarrun jana egin zuten ostatuan eta ondoren, Ibin kirol klubak urtero antolatzen duen XXXI. Ion Ander Izagirre frontenis txapelketa eta frontenis txiki txapelketa finalak jokatu zituzten. Igandean, berriz, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egin eta egun guztiko egitarau antolatu zuten.

Urtero moduan, udazkeneko azokarekin emango diote jarraipena abenduko kultur egitarauari. Honela, herriko nekazari eta artisau ugari bilduko dira abenduaren 17an. Lekua eta ordua oraindik zehazteko dagoela jakinarazi dute antolatzaileek.

Hurrengo zita Olentzero eta Mari Dominginen etorrerarekin izango dute, abenduaren 24an. Goizean, gabon kalejira eta hamaiketakoa egingo dute Ekintza guraso elkartearen eskutik. Iluntzean, berriz, Olentzero eta Mari Dominginen etorrera ospatuko dute herriko plazan.
Euskara taldearen eskutik zinema arratsaldea izango dute abenduaren 28an, etxolan, eta abenduaren 31an, berriz, San Silvestre herrikoia egingo dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!