Frontenis txapelketako finalak, larunbatean

Imanol Garcia Landa 2023ko aza. 29a, 11:58

XXXI. Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketako finalak jokatuko dituzte larunbat honetan, Berrobiko frontoian. II. Frontenis Txiki txapelketaren finalak ere egun berean jokatuko dituzte eta horiekin hasiko da jardunaldia, 14:45etik aurrera.

Ibin Kirol Klubak antolatzen ditu txapelketak, eta bertako kidea den Oihane Vergarak azaldu duenez, «oso kontentu gaude txapelketa aurrera ateratzen delako urtetik urtera, eta urtero ere oso jende fidela dugulako hau dena aurrera ateratzeko». Sona badu frontenis txapelketak, eta maila handiko partidak ikusteko aukera izango da larunbatean jokatuko diren finaletan.

Haurren txapelketan hiru maila izango dira. LH1 eta LH4 arteko mailan, banaka, Eki Altuna eta Amets Altuna ariko dira; LH5 eta DBH2 artekoan, binaka, Ibai Larrañaga eta Eneko Gabarain bikoa Markel Garmendia eta Imanol Sotil bikoaren aurka; eta adin horretan banaka, Eneko Gabarain eta Markel Garmendia ariko dira. Helduen mailan, mutiletan binaka Hodei eta Jon Ander Arregi anaiak Iñigo eta Aitor Irisarri anaien aurka ariko dira; mistoan Leire Jauregi eta Xabi Zubiria bikoa eta Nagore Lizardi eta Niko Artola bikoa ariko dira; emakumezkoetan binaka, Oihane Vergara eta Elena Artieda bikoa Leire Jauregi eta Eider Otegiren aurka ariko da; mutiletan banaka Hodei Arregi eta Xabi Zubiria ariko dira elkarren aurka.

Zenbait izen errepikatzen dira urte batetik bestera, eta finaletan ere pilotari pare bat bi alditan ariko dira lehian. Txapelketan mugatu egin zituzten partidak denboraren aldetik, baina finaletan markagailuak bakarrik aginduko du. Horrela, 30 tantora jokatuko dira finalak.

Sari banaketa, bai haurren zein helduen txapelketena, final guztiak jokatu ondoren egingo dira. Ondoren, antolatzaileek eta nahi duten parte hartzaileek afaria egingo dute. «Hori dagoeneko tradizio moduko bat da; hainbeste egun eta ordu frontoian pasa ondoren, aukera ematen digu mahaiaren bueltan lasai elkarrekin egoteko eta giro ona sustatzeko denon artean», zehaztu du Vergarak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!