ELKARRIZKETA

«Atetxo horri esker hogeitalau urte daramatzat bizirik»

Leyre Carrasco 2023ko urr. 12a, 07:59

Gizarte arazoei ikusgarritasuna emateko helburuarekin abiatu du sare sozialetan Aloeder izeneko bideo podkasta Aloña Erauskin berrobitarrak, eta bere bihotzeko gaixotasunaz aritu da lehen atalean.

Aorta dilatatuegia zuela jaio zen Aloña Erauskin (Berrobi, 1999) berrobitarra. Hasiera batean 24 orduko bizi itxaropena eman zioten, odol fluxu gehiegi igarotzen baitzitzaion biriketara. Bere gorputzak sortu zuen beste malformazio bati esker, hogeita lau urte osasuntsu igaro ditu. Prozesua «gogorra» izan bada ere, «bihotzak eztanda egin arte» bizitzen jarraitzeko gogoz dagoela aitortu du berrobitarrak.

1999ko martxoaren 24a, egun gazi-gozo bat, ezta?

Ni ez naiz oroitzen, baina nire gurasoentzako hala izan zen. Gainera, gaur egun medikuntza dagoen bezala agian une horretan zerbait detektatuko zuten, baina duela hogeita lau urte ez zuten ezer nabaritu. Nire amak gogoan du Eizagirre ginekologoak beti esaten ziola oso haur mugitua zetorrela. Baina ez zuten ezer gehiago antzeman. Ni jaio nintzen unean, nire amaren eskutatik kendu ninduten eta eraman. Ez zekiten nora eraman ninduten. Jaio nintzen egun horretan bertan eman zioten gaixotasunaren berri. Amak kontatzen duenez, pasillo luze batean zegoela medikua azaldu zen beste puntan. Behatzarekin etortzeko egin eta berarengana gerturatu zenean esan zion: «Zure haurra martxoaren 24an jaio da eta 24 orduko bizi itxaropena du».

Zein arazorekin jaio zinen?

Aorta dilatatuegia daukat, beraz, odol fluxu gehiegi igarotzen da biriketara eta horren eraginez, birikak odolez beteko lirateke. 24 ordu igaro ziren, baita 48 ordu ere eta 72 ordu igaro zirenean nire gorputzak sortu zuen malformazio horretan beste malformazio bat sortu zuen, atetxo moduko bat, hain zuzen. Atetxo horrek gestionatzen du zenbat odol pasatzen den biriketara, eta atetxo horri esker hogeita lau urte daramatzat bizirik.

Noiz hasi zinen kontziente izaten zure gaixotasunaz?

Umea nintzela. Gogoan dut amarekin parkera etortzen nintzenean, parkean zeuden gainontzeko gurasoek nire amari harrituta galdetzen ziotela: «Nola utziko diozu Aloñari txirristatik jaisten?». Nire ama nire eredua da, beti hau erantzuten baitzien: «Nik ez dakit berak zer sentitzen duen, baina nire alaba ezagutzen dut eta bere begietan eta arpegian ikusi dezaket zer sentitzen duen, eta zerbait sentitzen duen unean jakinaraziko dit. Beraz, nola ez diot txirristatik jaisten utziko? Bere bizitza sortu behar du, nik ezin dut oztopatu».
Horren ostean, gogoan dudan oroitzapena da topea egin nuela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan nengoela (DBH), Tolosako Orixe Institutuan. Hau kontatu beharra dut, oso gaizki pasa nuelako bertako soinketako irakaslearekin. Izenik ez dut esango, gehienek jakingo baitute nor den. Gainontzeko ikasleek egin zuten berbera egitera derrigortzen ninduen eta nik ezin nuen. Ez zen ez nuela nahi, eta gaur egun ere ez da ez dudala nahi. Ezin dut. Adibidez, gogoan dut klase batean Uzturpeko pilotalekuan geundela zortzi bira eman behar genizkion eta nik bi edo hiru bira emanda ezin nuen gehiago. Irakasleak ez zidan sinisten, kanpotik ez baitzait ezer nabaritzen, baina nire medikuaren txosten guztiak zituen eta nire gurasoak ere harekin hitz eginda zeuden. Egoera hain gogorra izan zen eta hain urrun iritsi zen jakinaren gainean jarri behar izan geniola; edo nik ahal nuen hori egiten uzten zidan edo epaitegira joaten bukatuko genuen. Azkenean, gizon horrek soinketan niri notarik ez jartzea erabaki zuen, eta DBHko soinketako irakasgaiko batez bestekoa 0 geratu zitzaidan. Horrek nire batez beste orokorrean eragina ere izan zuen, nota asko jaitsi baitzidan. Bazterkeria sufritu nuen, izan ere, ez ninduen bere klaseetan onartzen eta soinketa orduetan irakasleen gelan geratu behar izaten nuen etxeko lanak egiten. Batxilergoan izan nuen soinketa irakaslearekin plazera izan zen; hark beti esaten zidan: «Zure neurrian zenbat saiatzen zaren baloratu behar zaizu». Eta hamarrekoa jarri zidan. Beraz, hor jaso nuen lehen zaplastekoa, eta hor hasi nintzen kontziente izaten guztiaz. 15 urteko neska bat naiz eta ia hasi naiz nire gaixotasunarekin borrokan eta injustizia hauetan arpegia ematen. Gogorra izan zen, oso gogorra.

Zure egunerokotasunean trabak eragin dizkizu?

Eragin zezakeen, baina umetatik horrelako gaixotasunak ditugun pertsonek bizitza beste modu batera ulertzen dugu. Noski, 30 urterekin kotxeko istripua izaten duen pertsona batek ere ulertuko du, baina akaso gehiago kostako zaio. Nik gauza asko egin eta gauza asko probatu ditut. Ez naiz monja klaustro baten bezala itxita egon, eta hori nire amari zor diodala uste dut, ume-umetatik parkean horixe erakutsi baitzidan, nik probatu eta nik ikusi behar nuela noraino iristen naizen. Beraz, beti kontziente, baina oztopo baino gehiago nik uste indargunea izan dela; horri esker bizitza beste modu batera ulertzen dut eta gauzek gutxiago eragiten didate. Jende askok hotza naizela esaten dit eta ez dut hori horrela ikusten, bizitza hori baino sinpleagoa baita.

Honi amaiera emateko modua bihotza eta birika transplantea duzu, ezta?

Hori da. Orain arte medikuak etorkizun batean planteatu egin beharko nukeela esaten zidan, eta duela gutxi planteatzen hasi behar nuela azaldu zidan. Transplantea Madrilen egitea gomendatu dit. Noiz egin beharko dudan zehazki ez dakigu, akaso ez naiz iritsiko itxaron zerrenda luzea dagoelako edo agian ez dut behar, luze iraungo dudalako.

 

«Bihotzak eztanda egiten dizunean bukatu da, baina ordura arte zure esku dagoena egin»

 

Beldur izan zara noizbait?

Bai, eta egunero pentsatzen dut agian nire azken eguna izan daitekeela. Horregatik, oporretara joaten naizenean, batez ere, ondoan ospitalerik dagoen begiratzen dut beti, badaezpada, eta oporretara joan aurretik nire kardiologoari bisita bat ere egiten diot ea dena ondo dagoen ikusteko. Iñaki Villanueva da nire kardiologoa eta niregatik egiten duena izugarria da. Garai bat eduki nuen igogailuetan ez nintzena sartzen. Geratuz gero, zerbait hasten naiz sentitzen eta nork lagundu behar dit? Gauza txikiak dira baina egunerokotasun horretan ematen du zer pentsatu.

Horrez gain, denbora honetan depresioarekin egon naiz eta antidepresiboak hartzen egon naiz. Ez dit lotsarik ematen esateak eta oso ausarta iruditzen zait hori. Baina, aitortu beharra dut beldur izan nintzela. Izan ere, unibertsitatera egunero kotxez joaten zen neska bat izan naiz eta denboraldi horretan ez naiz gai izan kotxea hartu eta Eroskira joateko ere. Ez nintzen gai, beldurra sentitzen nuen. Baja hartu behar izan nuen urrira arte, eta jendeak sekulako zortea nuela esan zidan, baina niretzat hori ez zen zortea, baja urrira arte emateko zerbait ikusiko zuten eta. Denbora honetan, plazatik etxera eta etxetik plazara ibili naiz.

Azken hilabeteetan aldaketarik nabaritu duzu?

Bai, adibidez, astelehenean Axier Arteagaren elkarrizketa zabaldu nuen podkastean. Axierren etxean izan genuen elkarrizketa. Lasarten bizi da eta kotxea hartu eta bakarrik joan nintzen hara. Antidepresiboak ere utzi nituen, eta horiek utzi eta astebetera gauza oso gogor bat pasa zen. Horren aurrean ez ditut berriro antidepresiboak hartu, bakarrik aurre egin ahal izan niolako. Ez dut eguna ohean pasatzen, negarrez. Gogoan dut abenduaren 30ean 23:00etan ohean sartu nintzela eta abenduaren 31ean 18:00tan ohean jarraitzen nuen. Instagramean sartu eta mundu guztia egun horretan zerbait egiten ari zela ikusi nuen, eta ni, berriz, ohean negarrez. Oso gogorra izan zen hori. Gogoan dut anaiak deitu egin zidala non nengoen galdezka eta ohean nengoela esan nion. Etxera etorri, ohetik altxa eta Oriora eraman ninduen. Orio gustuko dut, asko lasaitzen didan herria baita eta hondartza ondoan dagoen taberna asko gustatzen zait. Hara joan ginen eta etxera bueltatu ginenean beste indar batekin etorri nintzen afaltzera. Beraz, non nabaritzen dudan? Nahiz eta zaplazteko bat jaso, ia ez ditudala 24 ordu ohean pasatzen. Marcos Vazquez idazlearen Invicto liburua irakurtzeak ere asko lagundu dit. Hor atera nuen ondorioa izan zen askotan aipatu dudan esaldia: «Bizi, bihotzak eztanda egin arte», eta eztanda egiten dizunean bukatu da, baina ordura arte zure esku dagoena egin.

Gizarte hezitzailea zara, baina urtarrilaz geroztik bajan zaude. Nola daramazu?

Orain ondo nago klik bat egin dudalako, gizarte hezkuntzan eremu pila bat jorratu daitezkeela ulertu dudalako eta orain proiektu berri batekin hasi naizelako. Gradu edo ikasketa batzuk ateratzen dituzuenean zure helburua hortik ogia erostea da, baina ez dirua bakarrik, egunero zeregin bat izatea ere. Esnatu eta ekintzaile sentitzea, aktibo egotea. Gainera, gizarteak horretara bideratzen gaitu. Beraz, urtarriletik hona izan ditudan egunak jubilatu baten modukoak izan dira, eta ni ordura arte oso aktiba nintzen. Zaila izan da, oso gaizki pasatu dudalako. Azkenean nire buruari indartsua naizela esan nion, eta beti esaten diot transplanterako eguna iritsi arte eta proba horiekin hasi arte hor daukadan tartea, ez dakit zenbat denborakoa izango den baina bizi egingo dudala. Nire modura biziko dut eta ahal dudana egingo dut.

Zer moduz zaude orain?

Proiektuarekin hasi nintzenetik askoz hobeto aurkitzen naiz. Gauza txikiak dauzkat egiteko egunean zehar, eta hori motibazio bat da. Lehen aipatzea ahaztu zait, baina ezgaitasun prozesu batean nago. Nik %35eko desgaitasuna neukan, eta gutxienekoa %33koa da. Horri esker kulturan, garraioan eta beste esparru batzuetan diru laguntza batzuk jasotzen ditut. Ezgaitasun prozesuarekin hasi nintzenean nire kardiologoak hor esku hartzeko ere gomendatu zidan, eta gizarte langilearena joan nintzen prozesua bideratzeko. Nik prozesu guzti hau bakarrik egin dut. Egia da amak beti laguntza eskaini didala, baina nik beti esaten nion ezetz hau bakarrik egin behar nuela, bera egun batean joan egingo delako eta nik bakarrik borrokatu beharko dudalako. Goiz batean galdeketa guztietatik igarotzen zara, alegia, mediku batetik, gizarte langile batetik eta psikologo batetik. Azkenean, %49ko ezgaitasuna eman didate, eta hori edukita ia dirutxo bat ematen dizute. Hala ere, hiru urte kotizatuta izan behar dituzu eta nik 24 urterekin ez dut hori. Beraz, proiektu berria agian kotizatzen jarraitzeko bidea izan daiteke, eta, aldi berean, prozesu honetan ni zoriontsu izaten laguntzeko.

Proiektu berria aipatu duzu. Itxura berria eman badiozu ere, Aloederrek aurretik bazuen funtzio bat, ezta?

Aurten ezkondu naiz, eta nire ezkon soinekoa Beasaingo Migdäla arropa dendan erosi nuen. Post batean aipatu nuen bezala, dendako diseinatzaileak diren Nagore eta Maialenekin izan nuen lehen konexioa izugarria izan zen. Gure bizitza pertsonalaz aritu ginen hitz egiten, eta ez hainbeste soinekoaz. Soinekoaren hirugarren edo laugarren proban Maialenek udako argazki sesio batean parte hartzeko aukera eskaini zidan. Aukera hori lagungarria izan zitekeela pentsatu nuen eta beraiekin hasi nintzen modelo lanetan. Migdälako argazkiak atera aurretik Ibarrako Kiribil ileapaindegira joaten naiz ilea egin eta makilatzera. Bertako Pilik prestatzen dit argazki sesiorako, zoragarria da. Proiektu honek bestelako ateak ireki dizkit, izan ere, bitxi-dendetatik deiak jasotzen hasi nintzen baita estetizista zentroetatik ere. Instagram sare sozialean dudan kontu pribatuan geroz eta jende gehiago hasi zitzaizkidan jarraitzen, eta nik hori ez nuen nahi, beraz, horretarako espresuki izango zen Aloeder (@aloederr) kontua sortzea erabaki nuen.

Zerk bultzatu zintuen?

Eztei-bidaian nengoela, nire senarrari ikasturte honetan zerbait egin behar nuela esan nion. Modak asko betetzen nau, baina gehiago betetzen nau zeregin bat izateak. Gizarte arazoen inguruan eta ikusgarritasunaren inguruan lotutako zerbait egin nahi nuen. Eztei-bidaiaren ostean, pertsonaia famatu pila bati idatzi nien proiektua azalduz. Nire sorpresarako denek proiektu interesgarria zela esan zidaten eta beraien etxeko ateak zabaldu zizkidaten. Horietako batek esan zidan proiektuak zentzu handiagoa izango zuela lehen podkast saioan nire istorioa kontatuko banu. Modu horretan, etxean nengoen goiz batean, kafesnea egin, motots bat jarri, ezpainak gorriz margotu eta mugikorrari play eman nion. Atera zena, atera zen.

Zergatik bideo podkasta?

Azkenean, lehen bideoan aipatzen dudan moduan, niri ez zait ezer nabaritzen eta pertsonaia bera aurrez aurre ikustea interesgarria iruditu zitzaidan. Beraz, bideoa podkasta izan beharra zuela erabaki nuen. Hortik dator Aloeder izena ere. Aloeder sortu nuenean, 'Alo' Aloñatik eta 'eder' edertasunetik jarri nion, baina orain podkastarekin beste zentzu bat bilatu diot horri eta da ni naizen hori. Alegia, ni naizen hori identifikatzen du, zenbait arazo bistaratuz.

Zein gai jorratuko dituzu bertan?

Izenburu batzuk emango dizkizut eta horrek irudimenari emango dio bidea: kirola, coaching-a eta buru osasuna; garun paralisia, humorea eta buru osasuna; edertasuna, makillajea eta buru osasuna; sare sozialak, influentzerrak eta buru osasuna; gurasotasuna, ez gurasotasuna eta buru osasuna; emakumea, ahalduntzea eta buru osasuna, besteak beste. Buru osasuna denetan dago, hori gai guztiekin lotzen dut eta. Bideoak astelehenero igoko ditut, 20:00ak aldera.

Hasiera indartsua izan zenuen. Babestuta sentitu zara?

Oso eta ez nuen inondik inora espero. Jendeak ikustea espero nuen, baina izugarriak izan diren mezu pribatu batzuk iritsi zaizkit. Jarraitzaile batek mezu hau bidali zidan: «Nire aita minbiziarekin dago eta bizitza ulertzeko zure moduak asko lagundu dit». Hori irakurtzean konturatu nintzen nire istorioa noraino iritsi zen. Izan ere, bakoitzak bere mundura eta bere errealitatera eraman du, eta lagungarria izan da. Azkenean, hori gizarte hezkuntzako gakoa da eta nik ehuneko ehunean bete dut.

Proiektu honek ate berriak zabaltzeko aukera eskainiko zizun. Zein beste proiektu dituzu esku artean?

Aurrekoan post batean jarraitzaile batek jarri zuen Aloeder kamisetak behar genituela, eta pertsona batek baino gehiagok eskatu dizkit. Asko pentsatu ostean, planteamendu honekin aurrera egitea erabaki dut eta Beñat Iraola diseinatzailearengana joateko asmoa dut horretarako. Mugikorrean jada zenbait diseinu eginda ditut eta lineatxo bat sortzea pentsatu dut. Horrez gain, bideo podkastarekin jarraituko dut lanean, eta honekin lotuta eskoletan atea jotzea pentsatu dut, interesgarria izan daitekeela iruditzen zait ikasleei nire bideoa erakutsi eta zer pentsa eragitea.

Azken mezu bat helarazi nahiko zenuke?

Geratu zaitezte esaldi honekin: Bizi, bihotzak eztanda egin arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!