«Herri izaten jarraitu nahi dugu»

Leyre Carrasco 2023ko urr. 5a, 07:58

Herriko zerbitzuak mantendu eta berriak lortzea du helburu Berrobi Bizi plataformak; Berrobi biziberritzeko plana izango dute aurretik.

Billabonatarra izanik, orain dela 10 urte iritsi zen Berrobira Aitzol Izquierdo Diaz de Guereñu (Amasa-Villabona 1984). Lehen legealdia du eta lanerako gogotsu dagoela adierazi du, «herria zainduz eta garatzen jarraitzeko asmoz»

Maiatzeko udal hauteskundeetarako herritar desberdinez osatutako herri plataforma sortu zenuten. Nolako harrera izan du herrian?

Herrian harrera oso ona izan dugu. Herritarrek osatutako talde bat gara, azken legealdiko kezkek alor ezberdinetako jendea elkartzea eragin duena.

Zer dela eta animatu zinen alkatetzara?

Hainbat gabezia ikusten nituelako, orain 10 urte herrira iritsi nintzenean gauza gehiago genituen eta apurka-apurka erosotasuna galtzen goaz. Zentzu horretan lan egiteko asmoarekin eman dut pausua eta herritar naizen aldetik ardura hau hartu, lehen beste hainbatek egin zuten bezala.

Hilabete batzuk daramatzazu alkatetzan. Zer moduz hasi duzu?

Hasiera trinkoa, aurrera begira zer datorren ez jakiteak egunero adi eta hara eta hona ibiltzea eskatzen du. Dena den balorazioa egiteko oraindik goiz dela esango nuke, urtebeteko ziklo betetzea beharrezkoa da ikuspegi errealagoa izateko. Baina oraingoz gustura, talde bikaina dugu eta lanak aurrera ateratzen ditugu.

Maila pertsonalean, nola daramazu kargua?

Orokorrean ondo, momentu zailak badaude, lanaldiarekin adibidez. Hirietan ez dakit baina hemen ezinezkoa da kargua eta pertsona banatzea, edozein une da ona karguari loturiko zereginetarako eta horrek epe ertainera nekea eragin dezake.

Nola baloratuko zenuke maiatzeko udal hauteskundeetan jasotako emaitza?

Taldearentzat sentimendu handiko hilabetea izan zen Maiatza,  kanpainan esperientzia ezak eta sostengu ekonomiko eta juridiko gabe, senak gidatu gintuen eta ilusioak indarra eman ahalik eta hobetoen igarotzeko aldi hau. Azkenean erantzuna oso ona izan zen eta oso pozik jaso genuen, izan ere, bozkatzera joan zen hamarretik zortzik gure alde egin zuen. Konfiantza handia ematen du horrek.

Sei kide ditu Berrobi Bizi taldeak eta bat PSE-EEk. Zer nolako harremana nahiko zenuke agintaldi honetan oposizioarekin?

Oposiziorik ez nuke nahi, taldekide bat gehiago izatea nahiko nuke, amankomunean ditugun gaietan indarrak batzeko aukera izatea. Badakit hau ez dela erreza eta nik ardura handia dudala zeregin honetan, beraz, asmo onenarekin jardungo dut.

Zein proiektu landu nahi dituzue agintaldi honetan?

Talde hau sortzearen lehen arrazoia herriko zerbitzuak mantentzea eta ahal den neurrian berriak lortzea izan da. Herria etxebizitza multzo bat baino haratago doan zeozer da, merkataritza, harremanak eta aisia partekatzen dituen talde bat. Hau indartzea da gure helburu nagusia.

Proiektu izarrik duzue eskuartean?

Herri izaten jarraitu nahi dugu eta dugun apurra eraginkortasunez kudeatu. Ditugun eraikinak erabilgarri jarri eta zuku atera nahi diegu, belaunaldi ezberdinen topaleku izan daitezen.

Proiektu batzuk aurrera ateratzeko beste erakundeen laguntzak beharrezkoak zaizkizue zuena bezalako udal txikiei. Eskualde mailako kooperazioa nola ikusten duzu?

Eskualde mailan badaude elkarlanerako foroak, non informazioa eta laguntza jasotzen den. Dena den beste alkate batzuekin bat nator esatean udalean lanean dugun pertsonala mugatua dela eta hilabete naturaleko epea egun gutxi batzuetako lan egunak besterik ez direla errealitatean, beraz hortik ikusten ditut gabeziak.

Zein mezu zabalduko zenuke berrobitarren artean?

Orain arteko ilusio berberarekin jarraitzeko eta erabakiak udal taldeak hartu behar baditu ere, herrian zein kezka eta nahi dauden jakitea garrantzizkoa dela eta parte hartze aktiboak zentzu honetan asko laguntzen duela.

Erlazionatuak

Aitzol Izquierdo, Berrobiko alkatea

Leyre Carrasco 2023 urr 05 Berrobi

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!