Berrobira Krosa bere hogeigarren aldira iritsiko da larunbatean

Imanol Garcia Landa 2023ko ira. 13a, 07:59
Hainbat korrikalari iazko Berrobira Krosean.

Arratsaldez izango da, eta helduentzako zein haurrentzako probak egongo dira. 'Herrikrosa.eus'-en eman daiteke izena.

Larunbat arratsaldean egingo da Berrobira Krosa eta urteurren biribilera iritsiko da aurtengoan, 20. aldia izango baita Berrobin lasterketa antolatzen dutena. «Garrantzia du horrelako zenbakietara iristeak, are gehiago Berrobi bezalako herri txiki batean», esan du Garazi Goenaga antolakuntzako kideak. «Kanpoko jende asko etortzen da ere eta horrek eragiten du herrikoak lanean jarri eta parte hartzaile gehiago izateak». Ibin Kirol Elkarteak antolatzen du lasterketa.

Aurten berritasuna haurren izen ematean izaten ari da. Orain arte bakarrik egunean bertan egin zitekeen, eta aurten Internet bidez ere egin ahal da. Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena, eta helduen lasterketan izena eman nahi dutenek bakarrik Internet bidez egin ahalko dute. Larunbatean 14:00ak arte egongo da zabalik aukera hori. Haurren kasuan, Internetez egiteaz gain, egunean bertan plazan eman ahalko dute 15:30etik aurrera. «Azken unean parte hartzera animatu daitezkeen haurrei eman nahi diegu aukera», zehaztu du Goenagak.

Haurren lasterketak 16:00etan hasiko dira. Ordu horretan aurrebenjaminen proba hasiko da eta 400 metro egingo dituzte. 16:10an abiatuko dira benjaminak, 800 metro egiteko. 16:20ean alebinen txanda izango da, eta 1,5 kilometro egingo dituzte. 16:30ean infantil eta kadete mailakoak abiatuko dira, eta ibilbideak hiru kilometro ditu. Parte hartzaileek domina jasoko dute eta lehen hirurek garaikurra.

Helduen proba 17:00etan jarriko da martxan eta ohiko ibilbidea izango du: bost itzuli egingo dira herrigunea alde batetik bestera zeharkatuz, guztira 7,5 kilometro burutzeko. Lehen sailkatuak, bai emakumezkoetan zein gizonezkoetan, 100 euro jasoko ditu eta garaikurra, eta bigarrenak, hirugarrenak eta lehen herritarrak garaikurra izango dute. Lasterketaren bukaeran ogitarteko bat izaten dute haurrek, eta helduek mokadutxoa hartzeko aukera.

Berrobira Krosa ez dela hartzen lasterketa erraz moduan esan du Goenagak: «Aldapan behera eta gora egiten dute korrikalariek, eta aldapa gora diren zatiak gogorrak egiten zaizkiela esaten dute». Hori bai, bost itzuli izateak jendearen animoak jasotzeko aukera ugari eskaintzen dizkie lasterkariei.

Iazko proban helduetan 70 korrikalari inguru izan ziren, eta haurretan parte hartzaile ugari izan zirela azaldu dute antolakuntzatik. «Ea eguraldiak laguntzen duen pixka bat, eta larunbatean ere jende ugari etortzen den Berrobira», esan du Goenagak. Ibin Kirol Kluba lau pertsonen artean dinamizatzen dute, eta egunean bertan beste hamabost bat laguntzaile elkartzen dira lasterketa aurrera eramateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!