Pilota partidak, San Agustin eguna ospatzeko

Irati Saizar Artola 2023ko abuztuaren 28a

Festen azken eguna ospatzen ari dira berrobitarrak; bazkalaurrean pilota partidak izan dituzte eta arratsaldean bingoa izango dute.

Iritsi dira azken txanpara Berrobiko San Agustin jaiak. Gaur agurtuko dituzte festak, San Agustin eguna amaitzearekin batera. Bazkalaurretik pilota partidez gozatzeko aukera izan da, aurten berritu duten pilotalekuan. Lehenik, herriko gaztetxoek jokatu dute partida, Altuna-Ruiz eta Aranburu-Artola bikoteek. Ondoren, etorri dira helduagoak: Perurena-Karrera eta Insausti-Ugartemendia. Jaialdiko azken partida emakumeek jokatu dute. Barrokal-Ruiz de Larramendi eta Ruiz de Infante-Agirre bikoteak izan dira jaialdia itxi dutenak.

Arratsaldean, bingo musikatua izango dute, 18:00etan hasita, Berrobin ere euskaraz taldeak antolatuta. Ondoren, Jaione Olazabal eta familiaren musika emanaldiaz gozatzeko aukera izango da eta iluntzean, zahagi ardoa izango dute, Leire Proyect hirukoteak alaiturik. Horrelaxe agurtuko dituzte jaiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!