Herriko merkatari eta tabernarien eskutik hasi dituzte jaiak Berrobin

Irati Saizar Artola 2023ko abu. 25a, 14:38

Hasi dituzte San Agustin jaiak Berrobin; txupinazoa bota ostean, haurrentzako jolasak egin dituzte. Astelehenera bitarte ospatuko dituzte.

Herriko merkatari eta tabernariek izan dute aurtengo suziria botatzeko ardura. Udaletxe ataria herritarrez beteta zela, Aitzol Izquierdo alkateak eskerrak eman dizkie merkatari eta tabernariei egunerokoan egiten duten lanagatik, eta haiek arduratu dira suziria jaurtitzeaz. Lehen suziriak eztanda egin duenean, herriko musikariek lehen pieza jo dute atarian eta buruhandiak atera dira udaletxetik, ziztu bizian. Jarraian, gozokiak bota dituzte udaletxeko balkoitik.

Festan jarraitzeko, umeentzako jolasak egin dituzte plazan, gurasoek antolatuta. Bazkalostean II. Futbito Txapelketa jokatuko dute eta meriendatzeko tartea hartuko dute ondoren. 19:30ean Matraka elektrotxarangarekin dantza egiteko aukera izango da eta herri afaria izango dute jarraian. Gauerdian, Puro Relajo taldearen kontzertua izango da eta DJ Arosekin amaituko dute gaua. 

ABUZTUAK 26, LARUNBATA

  • 11:00-14:00. Puzgarriak frontoian.
  • Ondoren. Astotreken eskutik astoekin paseoak, Berrobi Zahar inguruan.
  • 14:00. Paella lehiaketa eta kuadrillen arteko bazkaria.
  • 18:00. Herri jolasak plazan.
  • 23:30. Muxutruk taldearekin erromeria.
  • Ondoren. DJ Andoni.

ABUZTUAK 27, IGANDEA

  • 11:30. Herri kirolak. Aizkoran: Julen Alberdi eta Ugaitz Mugertza. Harrijasotzailea: Maddi Gesalaga.
  • 12:30. Villabonako Besamotza konpartsako erraldoiak eta buruhandiak. Bermuta plazan, Iriarte jatexearen eskutik.
  • 18:00. Sagardo dastaketa, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek girotuta.
  • 22:00. Mozorro lehiaketa.
  • 23:00. Joxe Mendizabalekin dantzaldia.
  • Ondoren. DJ Andoni.

ABUZTUAK 28, ASTELEHENA

  • 10:00. Diana, herriko txarangarekin.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Pilota partidak: Altuna-Ruiz vs. Aranburu-Artola. Perurena-Karrera vs. Insausti-Ugartemendia eta Barrokal-Mujika vs. Ruiz de Infante-Agirre.
  • 18:00. Bingo Musikatua plazan, Berrobin ere Euskaraz taldearen eskutik.
  • Ondoren. Jaione Olazabal eta familiaren musika emanaldia.
  • Iluntzean. Zahagi ardoa, Leire Proyect hirukoteak alaiturik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!