Uda agurtzeko, San Agustin jaiak

Endika Apalategi Labayen 2023ko abuztuaren 23a

San Agustin jaiak ospatzen dituzte Berrobin, eta lau eguneko festak antolatu dituzte aurten, abuztuaren 25etik 28ra. 2014 urteaz geroztik bigarrenez antolatu dute Berrobiko futbito txapelketa, eta berritasunez beteriko egitaraua prest dute jada.

Lau egunetan zehar, festa betean murgilduko dira Berrobin. San Agustin jaiak ospatzen dituzte, eta herriko eragile ezberdinen artean antolatu dituzte festak.

Lehen egunean, herriko jaiei hasiera emango dien suziria jaurtitzeko ohorea herriko merkatari eta tabernariek izango dute. 12:30ean erretirodunentzat hamaiketakoa eta dantzaldia egoteaz gain, umeentzako jolasak ere egingo dira. Arratsaldean izango du lekukoa Berrobiko II. Futbito Txapelketak. 2014. urtetik huts egiten ari zen hitzordua, pasa den urteko festetan itzuli zen Ibin kirol klubekoen eskutik, eta egitasmo honen helburua herriko gazteak ekintzak egitera bultzaraztea da. Gauean, herri afariaren ostean, Puro Relajo eta DJ Arosen dantzaldiekin amaituko da eguna.

Abuztuaren 26a, larunbata, berritasun batekin dator, Astotreken eskutik, astoekin paseoak emateko aukera egongo da Berrobi Zahar ingurutik. 14:00tan paella lehiaketak eta kuadrillen arteko bazkariaren txanda izango da. Paella jatean tripak bete ondoren, herri kirolen txanda izango da, eta futbito txapelketarekin gertatu bezala, honako hau ere Ibin kirol klubekoek antolatutako egitasmoa da. Eguna dantzan eta parranda giroan amaitzeko, Muxutruk taldearen erromeria eta DJ Andoni egongo dira entzungai.

Hirugarren festa eguna Berrobiko gazteek kirola eginez hasi beharko dute; izan ere, 11:30ean herri kirolak egingo dira herriko plazan. Goizean horrenbeste kirol egin ostean, gazteak egarri egongo direnez, 18:00tan aukera paregabea izango dute zintzurrak bustitzeko sagardo dastaketarekin. Gauean, berrobitarrak mozorrotzeko garaia izango da, eta mozorro onenaren lehiaketa irabazten duenari saria emango zaio. Gaua luzatzeaz, Joxe Mendizabal eta DJ Andoni arduratuko dira.

Azken egunean, herriko txarangarekin Diana kantuarekin esnatuko dira Berrobin. 12:00tan pilota jaialdiaren txanda izango da eta bertan, gaztetxoenak ariko dira lehian. Arratsaldean, bingo musikatua egongo da herriko plazan Berrobin ere Euskaraz taldearen eskutik, eta ondoren Jaione Olazabal eta familiak musika emanaldia eskainiko dute. San Agustin jaiei amaiera emateko, zahagi ardoa egongo da Leire Proyect hirukoteak alaiturik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!