Berrobiko ostatuak berriro zabalduko ditu ateak

Leyre Carrasco 2023ko eka. 21a, 11:58

Gogo eta ilusio handiarekin hartu du ardura Ana Hernandez lezoarrak; bihar egingo dute irekiera festa, 18:00etan hasita.

Denbora gutxi igaro bada ere, ostatuaren falta sumatu dute berrobitarrek herrian. Apirilean itxi zituen ateak eta bi hilabete igaro ostean, berriro zabalduko ditu, herritar guztien gozamenerako. Horretarako ardura hartu du Ana Hernandez lezoarrak. «Nere anaia Berrobin bizi da, eta berak animatu ninduen, bizitza guztia baitaramat ostalaritza munduan lan egiten. Orain arte jatetxe eta taberna handiagoetan egin dut lan, baina betidanik izan dut nire negozioa irekitzeko asmoa», esan du.

Azken prestaketa lanekin buru-belarri dabiltza lanean Hernandez eta bere familia, bihar izango baitute irekiera festa. Tabernari dagokionez, aldaketa txiki batzuk egin dituzte; esaterako, tabernako barra altuago jarri dute.

Horrez gain, denda zerbitzua ere txertatu diote. «Lehen ere bazegoen, baina produktuen eskaintza zabaltzea pentsatu dut; besteak beste, haurrentzako goxokiak, ogia edota opilak erosteko aukera izango da bertan».

Tabernaz gain, jatetxea ere izango du ostatuak, plater eskaintza berri batekin; bokatak, plater konbinatuak edota entsaladak izango dira aukeran, baita Donostiako Campero tabernako bokata «ezagunak» ere. «Hasiera batean gauza gutxi izango dira aukeran, zerbitzuak funtzionatzen duen eta aurrera doan edo ez ikusi nahi dut. Gainera, ez dut lan karga handia hartu nahi, momentuz bakarrik izango bainaiz lanean», esan du.

Horretarako, zerbitzari baten bila dabilela jakinarazi du Hernandezek, lantalde bat osatu nahian. «Ostalaritza oso lanbide intrusista da, gaur egun edonor izan daitekeelako zerbitzari. Nik ikastaro asko egin ditut, eta egun hori ez da baloratzen. Nire lanean errekonozimendua izatea gustatuko litzaidake, eta nire taldeari hori eman nahi diot. Nere lankideak lanera pozik etortzea nahiko nuke, gainera, hori jendaurrean eta zerbitzatzeko orduan ere islatzen da», gehitu du.

Tragoa eta mokadutxoa giro onean hartzeko aukera eskainiz, terraza zerbitzua mantentzeko asmoa ere badu Hernandezek, baina aldaketa txiki batekin. Aurrekoan ez bezala, oraingoan terraza ostatu atzean izango dela jakinarazi du: «Aurreko jabeak aparkalekuan jarri zuen terraza, bi kotxeentzako aparkalekuak kenduz eta hiru mahai jarriz. Nik ez dut hori egingo, nire ideia terraza ostatu atzean jartzea da. Izan ere, bertan, zabalgune txiki bat dago, eta nire ideia bi solairutara egongo den terraza bat jartzea da, zortzi mahairekin. Inguruan landare eta zuhaizti batzuk ere jarriko nituzke, jendea, etxean bezala, gustura egongo den txoko txiki bat eraikiz».

Gogo eta ilusio handiarekin zabalduko ditu ostegunean Berrobiko ostatuaren ateak Hernandezek eta oso sentsazio onak dituela aitortu du: «Herriko jendeak harrera ona egin dit, horregatik uste dut oso ondo joango dela, batez ere, gogo eta ilusio handia dudalako».

Inaugurazioa

Bihar izango da ostatuaren irekiera festa, 18:00etatik 20:00etara. Hala ere, berrobitarrek goizean ere tragoa hartzeko aukera izango dute, ostatua goizeko hamarretatik aurrera irekita egongo baita. Inaugurazioan, ordea, hemendik aurrera Hernandezek ostatuan eskainiko dituen produktuak dastatzeko aukera izango da. «Kroketak, txorizo egosia, tortilla eta beste lau pintxo egingo ditut, dena etxean egina. Jendeak ardotxo bat hartzea eta pintxo on bat jatea nahi dut, hemendik aurrera ostatuan izango duguna dastatzeko aukera eskainiz».

Gainera, hemendik aurrera herritarrek festarako aukera ere izango dutela ere jakinarazi du Hernandezek: «Ikuskizunak, tailerrak eta ikastaroak antolatzeko asmoa dut, eta etortzen diren artistak inguruko herritarrak izatea nahi dut, alegia, ezezagunak. Modu horretan, beraiek egiten dutena praktikan jarri eta gure artean lotsa galtzeko aukera izango dute».

Ordutegia

Ostatua astelehenetik ostegunera 10:00etatik 22:30era egongo da zabalik, eta sukalde zerbitzua 20:30ak arte eskainiko du. Ostiraletik igandera, 10:00etatik 00:00etara izango da zabalik, eta sukalde zerbitzua 22:30ak arte. Astearteetan ostatua itxita mantenduko da, eta festa edo ospakizun berezietan, berriz, ordutegia luzatuko dutela jakinarazi du.

«Ostatuko ateak herri osoarentzat egongo dira zabalik, baita herritarrek egiten dizkidaten proposamen eta ekarpen guztiei irekita ere, taberna herriaren zerbitzura baitago», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!