Ikasturteko azken emakumeen topaketa egingo dute Berrobin

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 14a, 11:59

Aurtengo azken emakumeen topaketa egingo dute gaur, 18:00etan, Berrobiko Etxolan; udako solstizioa izango dute oinarri, Ester Povedaren eskutik.

Berrobiko Udalak ekaineko kultur agenda jarri zuen martxan aurreko astean. Eskolako irakasle eta ikasleek ostiralean eskaini zuten emanaldiarekin eman zioten hasiera, eta larunbatean gin kana jolasak ere izan zituzten herriko haur eta gazteek. Hala ere, berrobitarrek beste hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dute, hilabete osoan izango baitute zertaz gozatu. Ester Poveda antzerki irakasleak zuzendutako emakumeen topaketa izango da hurrengo ekitaldia.

Iazko martxoan abiatu ziren emakumeen topaketak Berrobin. «Udalak luzatu zidan proposamena, eta herriko emakumeei zuzendutako proiektua izan behar zuela izan zen baldintzetako bat, hain zuzen. Pandemiaren ostean, emakumeek herrian elkartzeko lekurik ez zutela jabetu nintzen, beraz, topaketa hauen asmoa horren harira sortu zen; alegia, emakumeentzako une bat sortzea du helburu, emakumeen artekoa, gure artean ikasteko asmoz», azaldu du Povedak.

Hasiera batean lau hilabeteko proiektua izan behar zuen, ekainera arte, baina herritarren artean erantzun ona jaso zuela ikusita, proiektuari berriro eustea erabaki zuen Povedak. Geroztik, hilabetero bildu ohi da herriko 15-20 emakumez osatutako taldea. Udararen etorrerarekin, ordea, aurtengo ikasturtea agurtzeko unea iritsi zaie, eta azken topaketa izango dute gaur, 18:00etan, Etxolan.

Azken topaketa

Udalako solstizioa izango dute azken honetan oinarri, izan ere, Povedak esan bezala, «udako solstizioa eguzkiaren berpizkundea da, pertsonek barruan dugun argia, hain zuzen».

Udararen ostean, irailetik aurrera topaketekin jarraitzeko asmoa duela jakinarazi du irakasleak: «Ez dakit irailetik aurrera topaketekin jarraitzeko aukera izango dudan, baina eskaera berriro aurkezteko asmoa dut. Hala ere, gaur arratsaldeko saioan aurten egin ditugun topaketa guztien ebaluazio moduko bat egingo dugu; saio bakoitzaren inguruan hitz egingo dugu, topaketa bakoitzean sentitu duguna plazaratuz. Zabalik dagoen atea ixteko modua izango da».

Azken topaketa honetan Izaskun Santiago (@izasmundofeliz) antzerkigileak ere parte hartuko du, eta irrisoterapia saioa eskainiko du, «ikasturtea irribarre batekin amaitzeko». Horrez gain, parte hartzaileek opari moduan lore bat jasoko dutela ere jakinarazi du Povedak, «hori loratu eta mantendu dezaten». Amaitzeko, askari batekin esango diote agur aurtengo ikasturteari.

EKAINEKO KULTUR EGITARAUA

Ekainak 14, asteazkena

  • 18:00. Emakumeen Topaketa. Udako solstizioa: Emakumeen bilera.

Ekainak 16, ostirala

  • 18:00. Gereziondoaren ekitaldia, «Galdu ditugunak gogoratzeko».

Ekainak 23, ostirala

  • San Juan bezperako sua.

Ekainak 27, asteartea

  • 19:00. Irakurle taldeak Joseba Sarrionaindiaren «Munduari bira eman zion ontzia» liburua aztertuko du.

Ekainak 16-Uztailak 30

  • Pintura ikastaroko ikasleen erakusketa udaletxeko sarreran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!