Berrobiko historia kontatzeko dokumentala aurkeztuko dute

Leyre Carrasco 2023ko mai. 3a, 07:59

Agurtzane Belaunzaran eta Pedram Yazdani artisten lana da ‘Masustak’, eta lau saio izango dira asteburuan, Urruti baserrian. Argazki erakusketa ere izango du osagarri.

«Berrobiko herriaren erradiografia moduko bat da Masustak, lehen sektoretik begiratuta». Modu horretan deskribatu du Agurtzane Belaunzaran berrobitarrak Masustak dokumentala. Proiektu pertsonal baten moduan eman zion hasiera lanari 2019an, eta lau urte beranduago herriari zuzendutako dokumental batean bilakatu du, Pedram Yazdani argazkilari irandarraren eta Berrobiko Udalaren laguntzarekin batera. «Txikia nintzeneko eta gogoan ditudan herriko aiton-amonak desagertzen ari dira, eta haien bizipenak jaso nahi nituen nolabait», kontatu du. «Proiektuarekin hasi nintzenean ez nuen zer egingo nuenaren ideia zehatzik, baina lau urtetan lan hau grabatzen egon ostean, Masustak izeneko dokumentala amaitzea lortu dut».

Berrobiko herritarren esperientziak, oroitzapenak eta bizipenak bildu ditu bertan, herriaren azken hamarkadetako eraldaketaren testigantzak jasoz. «Nere kezkak ere jaso nituen, baserriko gainbeheren inguruan nituen kezkak, esaterako», gehitu du. Horretarako, herritarrek hartu dute hitza, eta lehen sektorearekin zerikusi zuzena duten adin tarte desberdinetako gizon emakumeak dira protagonistak.

Belaunzaranen esanetan, «aiton-amona hauen Berrobitik, gure oraingo Berrobira aldaketa asko izan dira azken hamarkadetan». Horregatik, garai bateko bizimodua nolakoa zen jaso du bertan, baita gaur egun horrek izan duen aldaketa ere; besteak beste, eskola, papertegia, eta frankismoaren bilakaeraz ari da dokumentala, baita lehen sektorearen gainbeheraz ere. «Berrobi asko aldatu da, mundua asko aldatu den bezala. Nere txikitako ametsezko Berrobi nekazariagoa zen, baserritarragoa, herri txikiagoa, denek gehiago ezagutzen genuen elkar, herri txikien idiosinkrasia gehiago zegoen edo nik hori nabaritzen nuen, eta orain gehiago aldatu da. Aldaketa horiek proposatzen ari gara denok», esan du egileak.

BI EGUN, LAU SAIO

Ostiralean eta larunbatean izango da dokumentala ikusgai Urruti baserrian, eta egun bakoitzean bi saio eskainiko dira ordu berean; lehen saioa 18:00etan izango da, eta bigarrena 19:00etan. Sarrera doakoa izango da eta ez da gonbidapenik beharko. Lan honek, gainera, baserriaren kanpo aldean egongo den argazki erakusketa izango du osagarri.

Urruti baserria bilakaera horren pertsonifikazio arkitektonikoa dela aipatu du Belaunzaranek: «Bai Berrobin bai Euskal Herri guztian baserri asko bota zituzten, eta gero edozer gauza eraiki zuten. Urruti, esaterako, 90. hamarkadan eraiki zen, eta orduz geroztik, baserriaren izaera izan du. Beraz, Berrobiren bilakaera horretan Urruti sinbolo bat da, horregatik erabaki genuen bertan estreinatzea».

ARGAZKI ERAKUSKETA

Urruti baserriaren kanpoaldean argazki erakusketa izango da ikusgai, ostiraletik hilaren 30era arte. «Herritik gertu dagoen ingurua denez, jendea paseatzen ibiltzen da eta badu horrelako sinbologia bat», gehitu du.

Bertan, lehen sektorean lanean aritzen diren herriko gizonen eta emakumeen 15 erretratu bildu dituzte. Argazkietan «herriko paisaia zaintzen dutenak» azaltzen direla zehaztu du Belaunzaranek, herriko arkitektura «zaintzen» dutenak, alegia. «Denei kamara aurrean jartzeko eskatu diedanean baiezkoa esan didate, eta hori eskertzeko da. Azkenean, beraiei eman diet ahotsa, beraiek kontatu dute, eta orokorrean erantzuna oso ona izan da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!