Argazkilaritzan trebatzeko aukera

Tolosaldeko Ataria 2023ko api. 19a, 10:56

Argazkilaritza ikastaroa egingo dute larunbatean Berrobin, eta hilaren 30era bitarte argazki lehiaketan parte hartu ahalko da.

Argazkilaritzarekin lotutako bi hitzordu dituzte Berrobin datozen egunetan. Batetik, larunbatean, oinarrizko argazkilaritza ikastaroa egingo dute, eta bestetik, larunbat honetatik hurrengo igandera argazki lehiaketan parte hartzeko aukera izango da.

Berrobiko Udalak, liburutegiak eta eskolak antolatuta burutuko dituzte bi ekimenak. Ikastaroari dagokionez, Pedram Yazdani argazkilariak emango du doan, gazteei eta helduei zuzendutakoa da, eta 10:00etatik 12:30era izango da. Lehendabizi Etxolan emango du teoria, eta ondoren, kalera aterako dira ikasitakoa praktikatzera.

Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, «argazki on bat ateratzeko oinarrizko gakoak azalduko dira». Hala, argazki kamera duenari ikastarora eramateko eskatu dute, izan ere, «askotan kamera onak ditugu baina ez dakigu erabiltzen». Argazkiak egitean kontuan hartu beharreko hainbat ezaugarri azalduko dira, abiadura edota argia, esaterako. Dena den, kamera ez dutenek mobilarekin egiteko aukera ere badela esan dute. «Azken batean, argazki bat egin baino lehen hori nola egin pentsatzen jartzea da helburua, ariketa hori egitea».

FORMEN ATZETIK

Argazkilaritza ikastaroan parte hartzen dutenek argazki lehiaketan ere parte hartzea da asmoa, eta aurkeztutako argazkien kalitatean nabaritzea koska bat egin dela gora. Dena den, lehiaketa herritar orori irekita egongo da.

Formak izango da argazkietarako aukeratu duten gaia, eta argazkiak apirilaren 30a baino lehen bidali beharko dira kultura@berrobi.eus helbidera. Bi kategoriatan banatu dituzte parte hartzaileak, 8-14 urte bitartekoak eta 14 urtetik gorakoak, eta parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki bidali ahalko ditu. Argazkiak Berrobin ateratakoak beharko dute izan, eta lehiaketara aurkeztutako argazki bakoitza bere izenburuarekin joan beharko da. Horrekin batera, argazkilariaren izen abizenak eta adina zehaztu beharko dira.

Argazki irabazleak aukeratzeko epaimahaia hiru kidek osatuko dute, eta sari banaketa ekainean egingo dute, kategoria bakoitzean hiru sari banatuko dituztelarik. Aurreko edizioetan egin bezala, argazkiekin erakusketa egingo dute eta Berrobiko egutegian ere publikatuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!